Gutuna: "Iñurritzako Biotopoa arriskuan"

Zarauzko Hitza 2016ko api. 6a, 09:20
Iñurritzako Biotopoa (Hitza).

Arkamurka natura-elkarteak bidalitako gutuna, Iñurritzako Biotopoaren inguruan.

"Laster 20 urte beteko dira Zarauzko ipar-ekialdeko eremua Biotopoaren izendapenarekin babestu zenetik (40/1997 DEKRETUA, otsailaren 25ekoa, Iñurritza ingurua babestutako biotopo deklaratzen duena). Dekretuan bertan zehazten da Iñurritza errekastoaren estuarioa, eta itsas aldeko eremua euskal kostaldeko ekosistemen erakusgarri bikaina dela. Dekretuan esaten denez, “Duna, padura eta labarrek paisaia bereziki erakargarria osatzen dute, eta beren baitan beharrizan ezberdinak dituzten landare zein animalia espezie ugari hartzen dituzte, espezializaturiko eta elkarren artean erlazionaturiko komunitate-mosaikoa sortuz”.

Dekretuan aipatzen zen eremu honek habitat naturalak birsortu eta leheneratzeko aukera onak eskaintzen zituela. Horrela, 2010. urtean Iñurritzako Biotopoan bertako natur eremua berreskuratzeko obrak hasi ziren urte batzuk lehenago onartutako Plan Berezia gauzatzeko (Diputatuen Kontseiluak, 2006ko ekainaren 6ko batzarraldian onartutako Zarauzko Iñurritzako Biotopo Babestuaren Plan Berezia.GHI-120/04-P08).

Hau guztia ikusita, pentsa liteke natur ondarearen kontserbazioa eta berreskurapena dela eremu horretan administrazioek lehenesten dutena,  baina azken urteetako bilakaerak kontrakoa erakusten digu. Dagoen lekuan egonda, alegia parke periurbanoa izanda, aurreikusten zen giza presio handia jasango zuela eremu osoak: Golfa (oraindik kudeaketa-planik gabe), beheko kanpinekoa, jatetxekoa, goiko kanpinekoa, paseatzaileak, egurrezko pasabidekoa, hondartzakoa…. Hirigintza presioa ere handitzen doa Talaimendi aldetik, gure iritziz, ekidin zitekeena edo ekidin beharko litzatekeena: lehen aipatutakoez gain, txaletak, araztegia, auzibidean den Amezti etxea, proiektuan den Powertxiki edo SurfCampa.

Zarauzko Iñurritzako Biotopoa izendapen hura justifikatu zuten natur balioak arriskuan jar ditzakeen  giza eta hirigintza presioa jasaten ari da. Ez da gehiegikeria, gure ustez, Biotopoa arriskuan dagoela esatea, eta beraz, administrazio ezberdinei eskaera zuzena egiten diegu hirigintza interesen gainetik natur balioen kontserbazioa eta berreskurapena lehenetsi ditzaten, interes publikoaren izenean".