Uemak Arnasguneen Hezkuntza Proiektuarekin lanean jarraitzen du. Irailean udalerri euskaldunetako eskoletan hasitako esperimentazio fasea amaitu dute, eta bertan ateratako emaitzen berri emateko aurkezpen-mintegi bat egin du gaur goizean Zarautzen, Urola Kostako Berritzegunean. Bertan, izan dira esperimentazio fasean parte hartu duten eragileak, udaletako euskara eta hezkuntza teknikariak, hezkuntza zentroetako irakasleak eta ikasleak.
DBH 3 eta 4 mailako 400 ikasleekin egin dute azterketa; bost jardunaldi egin dituzte hiru hilabetetan, eta saio horietan euskararen normalizazioari buruzko galdetegiak bete dituzte ikasleek. Batxilergoan, gainera, sei gelako ikastetxe batean esperientzia pilotua egin dute; hau da, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIn. Era berean, irakasleekin formazio tailerrak eta elkarrizketak egin dituzte.
Oro har, balorazio positiboa jaso du Uemaren hezkuntza proiektuak. Hori islatzeko esladi bat ekarri dute mintegira: "Ikastetxean eragiteko baliagarriak diren jarduera hauek oinarri sendoa dute, baina hobekuntzak egin behar zaizkio eraginkorrago izateko. Irakasleak bide hori aurrera jarraitzeko prest daude".
Hezkuntza proiektua 2016-2017 ikasturtzean abian jarri nahi dute DBHko 48 zentrotan eta batxilergoko 20 zentrotan. Ez dakite guztietan aplikatu ahal izango duten, baina harremanetan dabiltza eta hainbaten interesa jaso dute jada.