Soziolinguistika ikasgeletan txertatuz

Aritz Mutiozabal 2016ko api. 15a, 10:30
Uemakoak hezkuntza programa aurkeztu zuten asteazkenean, Urolako Kostako Berritzegunean. (A. Mutiozabal)

Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak hezkuntza proiektua garatu du, ikasleak ahalduntzeko eta aktibatzeko. Herenegun aurkeztu zuten programa, Urola Kostako Berritzegunean.


Udalerri euskaldunak  gero eta erdaldunagoak dira egunez egun . Ezagutzari dagokionez, baina batez ere erabilerari dagokionez, «atzerakada bat» ematen ari dela dio Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (Uema) lehendakari Josu Labakak. Herritarrak sentsibilizatzea eta ahalduntzea da Uemaren ildo estrategikoetako bat, arnasguneen garrantziaz ohartu daitezen eta hizkuntza ohituretan euskararen aldeko hautua egin dezaten. «Uema, bere kabuz eta udalen bitartez, lanean hasita dago hainbat eragilerekin. Baina jauzi bat emateko beharra zegoela ikusten genuen, eta hezkuntzak ere bazeukala zer egina eta zer esana».

Hori dela eta, soziolinguistika edukiak ikastetxeetan txertatzeko hezkuntza proiektua garatu du, euskararen arnasguneen ideia eta hizkuntza ekologiaren ikuspegia ikasgeletan zabaltzeko. Azken finean, «orain ikasle direnek, eta gure etorkizuna direnek ere, jakin dezaten gaur egun zer gertatzen den, eta hori kontuan hartuta, urrats bat eman dezaten bilatu nahi dugu».

Esperimentazioa
Ikasturte honetan, irailetik, proiektuaren  esperimentazio fasea landu du udalerri euskaldunetako eskoletan, eta ateratako emaitzen berri emateko aurkezpen-mintegi bat egin zuen herenegun Zarautzen, Urola Kostako Berritzegunean. Bertan izan ziren esperimentazio fasean parte hartu duten eragileak, udaletako euskara eta hezkuntza teknikariak, hezkuntza zentroetako irakasleak eta ikasleak.

DBHrako eta Batxilergorako materiala sortu du Uemak, eta hori Alegia, Azpeitia, Orio, Zarautz eta Zumaiako zazpi ikastetxetan landu du esperimentazio fasean. DBH 3. eta 4. mailako 400 ikasleekin egin dute azterketa; bost jardunaldi egin dituzte hiru hilabetetan, eta saio horietan euskararen normalizazioari buruzko galdetegiak bete dituzte ikasleek. Batxilergoan, gainera, sei gelako ikastetxe batean esperientzia pilotua osatu dute; hau da, Urola Ikastola Azkoitia-Azpeitia BHIn. Era berean, irakasleekin formazio tailerrak eta elkarrizketak egin dituzte.

Xabi Aizpurua Ugarte euskara teknikariak diseinatu du Uemaren hezkuntza proiektua, eta bera arduratu zen esperimentazio fasearen nondik norakoak azaltzen eta aurrera begirakoak nabarmentzen. Programaren helburu nagusia da ikasleei hizkuntzen arteko harremanak ezagutaraztea, euskaldun gisa ahalduntzeko eta aktibatzeko. Proiektuak iraunkorra eta integrala izan nahi du; hau da, epe luzerako ikuspegiarekin eta hezkuntza ziklo guztietara zabalduko dena. Erakundeekin elkarlanean  bideratuko dute, eta etorkizunari begira, ikastetxeetan dauden curriculum, programazio nahiz hizkuntza proiektuetan txertatzea espero dute.

«Uztaila bitartean, Uemako 73 udalerritako udalekin eta ikastetxeetako irakasleekin harremanetan jarriko gara, proiektua zabaltzeko», adierazi zuen Uemako euskara teknikariak. Hezkun-
tza proiektua 2016-2017 ikasturtean abian jarri nahi dute DBHko 48 zentrotan eta Batxilergoko 20 zentrotan. Ez dakite guztietan aplikatu ahal izango duten, baina harremanetan dabiltza eta hainbaten interesa jaso dute jada.

Jarreretan eragiteko
Aizpurua Ugartek aditzera eman zuenez, «gaur ikasgeletan soziolinguistika lantzen badugu eta hizkuntzen arteko harreman, borroka eta botere kontuak lantzen baditugu, biharko jarreretan aldaketa bat emateko aukera egon daitekeela ikusten dugu. Epe luzeko helburua da euskaldunak diren udalerriak euskaraz funtzionatzea».

Izan ere, ikasgeletan ohikoak ez diren gaiak landu dituzte esperimetazio fasean: hizkuntza gutxituen identifikazioa, hizkuntzen arteko oreka, arnasguneen kontzeptua, berezko hizkuntza eta euskara indartzeko bidea, adibidez. «Testuliburuetan soziolinguistikako gaiak oharkabean pasatzen dira maiz, arreta handirik eman gabe. Fase horretan, apropos hartu ziren ordu batzuk horretarako. Plaza bat ematearekin denbora eskaintzen zaio, eta garrantzia hartzen du».

Aurkezpen-mintegiari amaiera emateko, ariketa praktiko bat egin zuten bildutakoek, proiektua hobeto ezagutzeko.