Luken Carbayedak irabazi du Udaberri Saria

Zarauzko Hitza 2016ko api. 19a, 13:00

Junior mailako ehun bat txirrindularik hartu zuten parte igandean, Zarautzen hasi eta bukatu zen lasterketan.

Zarauztarra elkarteak antolatuta, junior mailako XXVIII. Udaberri Saria jokatu zuten igande arratsaldean. Txirrindulariek 84 kilometroko distantzia osatu zuten, Zarauzten hasi eta bukatuz; ibilbidean Getaria, Zumaia, Zestoa eta Aizarnazabaletik igaro ziren, eta Meaga eta Garate gaina ere igo zuten. Guztira, ehun bat txirrindularik hartu zuten parte, eta 64 helmugaratu ziren. Lasterketa esprintean erabaki zen, eta Buruntazpi taldeko Luken Carbayeda izan zen bizkorren. Haren atzetik, hurrenez hurren, Xabier Murgiondo (Ulma) eta Eneko Martinez (El Preox) sailkatu ziren.

Udaberri Saria lasterketaren ikus-entzunezkoa Txirrindulariak.com atariak egin du.