«Alegazioak onartu ezean, bide bakarra judiziala da»

Amaia Ventas Aldabaldatreku 2016ko api. 21a, 10:30
Agerre Goikoa baserriaren ondoan eraikitzea aurreikusten dute surf zentroa (Amaia Ventas Aldabaldetreku).

«Interes publikoaren defentsan», SOS Talaimendi sinadura bilketa egiten ari da gune horretan eraikitzekoak diren surf zentroaren kontra alegazioak aurkezteko  

SOS Talaimendi plataformako kideak «arduratuta» daude Talaimendiren hego-mendebaldean eraikitzeko asmoa duten azpiegiturarekin. Zehazki, Powertxiki S.L. surfari lotutako diziplina anitzeko prestakuntza zentroa sortzekoa da Agerre Goikoa baserriaren ondoko partzelan, babestutako Iñurritza biotopoko gune periferikoan, lurzoru ez urbanizagarrian. Zarauzko Udalbatzak proiektu horren Plan Bereziari lehenbiziko onespena eman zion otsailaren 25ean; EAJ eta PSE-EEren aldeko botoak jaso zituen. Txostena jendaurrean dago eta alegazioak egiteko epea zabalik; apirilaren 28ra arte aurkeztu daitezke.

SOS Talaimendi «ideologia politiko ezberdinetako norbanakoek» osatzen dutela argi utzi nahi izan dute, eta interes komun batek batu dituela: «Hirigintza iraunkor batean sinesten dugu, eta interes publikoaren alde lan egiteko elkartu gara; batez ere, naturguneen legezko erabilera publikoak bultzatu eta interes pribatutik defendatzeko».

Hori kontuan izanda, sinadurak biltzen ari dira change.org atariaren bidez. Helburua dute 1.500 sinadura lortzea, mendi horren magala urbanizatu ez dezaten eskatzeko. Momentuz 1.451 bildu dituzte —datu hori atzokoa da—. Jarritako kopurura heltzen badira, udaletxean aurkeztuko dute dokumentua.

Hiru alegazio jaso dituzte dokumentuan. Batetik, diote surf zentroaren Plan Berezian jaso duten Iñurritzako Biotopoko natur baliabideak antolatzeko plana iraungita dagoela. SOS Talaimendik jakinarazi du, Eusko Jaurlaritzak 2006an eman ziola  hasierako onespena plan horri, baina oraindik ez dutela behin betiko onartu. Hori egin bitartean, ordea, planaren helburuak betetzeko oztopo izan daitezkeen ekintzak ezingo direla aurrera eraman dio legeak. Horregatik, surf zentroaren Plan Bereziak antolamendu plana kontuan izan beharko lukeela diote plataformakoek.

Era berean, Plan Berezi horrek ingurumenari lotutako hainbat arau saihestu dituela gaineratu dute: bereziki, babestutako gune horretan eragina izan dezaketen jardunbideen inguruko dekretuari dagozkionak.

Kontserbazio Bereziko Gunean kokatu nahi dute azpiegitura, eta eremu horri dagozkion arauen arabera; beraz, babestutako gune horretan izango duen eragina aztertu beharko litzatekeela adierazi dute plataformakoek, dokumentuan jasotako bigarren alegazioan.

Hirugarren alegazioren arabera, plataformak adierazi du, surf zentroaren Plan Berezian ez dagoela justifikatuta azpiegiturak duen herri interesa, eta ondorioz, «ez da nahitaezkoa landa lurretan eraikitzea».  
EH Bilduk eta Irabazi Zarautzek agerraldia egin zuten duela aste batzuk azpiegitura hori beste kokaleku batean eraikitzeko eskatuz.


Ingurumen txostena

Erakunde publiko ezberdinek ez dute eragozpenik jarri surf zentroa eremu horretan eraikitzeko. Hala ere, SOS Talaimendiren arabera, ez da kontuan hartu udaleko Ingurumen teknikariak proiektuko Plan Bereziaren inguruan egindako txostena. Horrek ingurumenean, lehen sektorean zein landa lurraren garapenean izan dezakeen eragina aztertu du, eta hainbat arazo azaldu ditu. SOS Talaimendik bat egin du horrekin.

Batetik, Zarauzko Plan Orokorrak finkatzen dituen iraunkortasun irizpideekin ez datorrela bat dio, eta «ez dela ezinbestean» eremu ez urbanizagarrian eraiki behar. Bestetik, nabarmendu du Nekazaritzako Balio Estrategiko Altuko lurrak direla, eta Nekazaritza eta Basozaintzako Lurralde Arloko Planaren arabera, herri onurako erabilera ez dela egokia gune horretan.

Azpiegitura horren Plan Berezia EAEko Itsasertza babesteko eta antolatzeko Lurraldearen Arloko Planarekin ere ez dator bat Ingurumen teknikariak zehaztu duenez. Haren arabera, Nekazaritza, abeltzaintza eta landazabaleko mailan sartzen da partzela hori, eta bertan hainbat azpiegitura onargarriak diren arren, zehaztapen batzuk bete behar dira. Besteak beste, nahitaez landa ingurunean kokatuta behar dutela argudiatu behar da. Ekipamenduak ez du betetzen baldintza hori, txostenaren arabera.
Horrez gain, azpiegitura horrek izan dezakeen «inpaktu nabarmena» ere aipatu du.


«Presio urbanistiko larria»

SOS Talaimendik dio, proiektuaren herri interesa baieztatuta ere, ez dela beharrezkoa surf zentroa gune ez urbanizagarrian eraikitzea. «Halako ekipamendu bat onuragarria izango da herriarentzat, turismoari bultzada emango dion ekipamendua izango delako», nabarmendu dute.

Hala ere, ez dute uste kokalekua «aproposa» denik: «Proposamen hori onartzeak bide emango lioke antzeko beste interes pribatuko azpiegituren sorrerari». Talaimendik «presio urbanistiko larria» duela diote, eta surf zentroa bertan eraikitzea «aurrekari bat» izango dela etorkizuneko proiektuetarako.


Bide judiziala

Alegazioak aurkeztu ondoren, Zarauzko Udalbatzak erabakiko du onartu ala ez. Plataformako ordezkariek aurreratu dute, alegazioak kontuan hartu ez eta diziplina anitzeko prestakuntza zentro hori Talaimendin eraikitzea aurreikusten badute, «interes publikoaren defentsan» geratzen den «bide bakarra» judiziala izango dela.