Maiatzean hasiko dira Itxasmendiko biribilgunea egiten

Zarauzko Hitza 2016ko api. 22a, 14:19

Sasoi eraikuntzak enpresak egingo ditu lanak, 358.863,90 euroko aurrekontuarekin. Horrekin batera, bidegorria luzatuko dute biribilgune berritik Hegoalde kaleko biribilgunera.

Itxasmendiko bizilagunek "aspalditik" egindako eskari bati erantzutera doa Zarauzko Udala: auzoko sarreran, Araba, Buztinzuri eta Maria Etxetxiki kaleak elkartzen diren gunean biribilgunea eraikiko dute. "Aspalditik ahaztuta dago Itxasmendi udalaren partetik", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. "Auzoz auzo ekimenarekin auzoko zenbait beharri erantzun diegu. Orain eskaera nagusia asetzera goaz. Horren helburua da bidegurutze honetan sortzen diren trafiko arazoak arintzea".

Erakundeak dagoeneko egin du obren esleipena. Lehiaketara aurkeztu ziren 10 enpresetatik, Sasoi eraikuntzak S.L. arduratuko da obrak egiteaz. Datorren astean sinatuko dute kontratua eta lanekin maiatza hasieran hasiko dira. Obrek hiru hilabete iraungo dutela aurreikusi dute; uztaila bukaera-abuztua amaierarako amaituko dituzte, beraz.

Biribilgunea eraikitzeko, Zarauzko industrialdeko aparkalekuari zati bat kenduko diote eta baita suhiltzaile parkearen ondoko berdeguneari ere. Horretarako, zenbait zuhaitz moztu beharko dituzte baina alkateak jakinarazi du beste guneren batean berreskuratuko dituztela.

Obrak iraun bitartean, bide alternatiboak izango dira auzora sartzeko. Obrek sor ditzaketen eragozpenen aurrean, Txurrukak pazientzia izateko eskatu die bizilagunei. Obra amaitzean, gune horretako trafiko arazoak sahiestu eta Zarauzko industrialdeko langileek sarbide zuzena izango dute euren lantegira.

Bidegorria luzatu

358.863,90 euroko partida jarri du udalak biribilgunerako, eta horren barruan, beste obra txiki bat egiteko aprobetxatuko dute. Hain zuzen, biribilgune berritik Hegoalde kaleko biribilguneraino bidegorria sortuko dute. Zehazki, Araba kaleko berdegunetik igaroko da, zuhaitz artetik.

Obrak amaitutakoan, bizikleta erabiltzaileek ez dute errepidera sartu beharrik izango. "Udal Gobernuak bidegorri sarea hobetzen jarraitzeko asmoa dauka, mugikortasun arazoak ekidin eta herritarren beharrei erantzunez", argitu du alkateak.

Trafikoan egindako aldaketekin "gustura"

Alkatea "gustura" dago azken asteetan trafikoan egin dituzten aldaketetik. "Bizkaia kalea trafikora ireki dugu eta oso pozik gaude emaitzarekin. Herritar askok zoriondu gaitu". Haren arabera, horrek Araba kaleko trafikoa arindu du.

Bestalde, Mantzisidor kalean egindako norabide aldaketa aztertzen ari direla nabarmendu du: "Uda aurretik hobekuntzak egin nahi ditugu, urte sasoi horretarako irtenbideak emateko".