Limpiezas Villar arduratzen da Zarauzko Udaleko eraikinen garbiketaz; hau da, kultur etxea, Orokieta eskola, haur eskola, musika eskola, kiroldegia, gaztelekua eta abar garbitzeaz. Azpikontratatutako enpresa bat da, eta 40 langilek osatzen dute, guztiak emakumezkoak. 2010 eta 2012 arteko hitzarmen bat dute, eta 2012tik hitzarmenik gabe eta babes juridikorik gabe ari dira lanean.
"Udalarekin negoziatzen ari gara hitzarmen berri bat, egoera ekonomiko-sozial hobe bat izateko. Prozesu horretan urte eta erdi daramagu, eta ez dugu erantzunik jaso udalaren aldetik, ezta enpresaren aldetik ere", adierazi du ELA sindikatuko Zerbitzuetako Urola Kostako arduradun Janire Diazek.
Gainera, Limpiezas Villarrek udalarekin duen kontratua eten egingo duela jakinarazi du ELAko ordezkariak. "Denbora gainera datorkigu. Izan ere, udalak plegu berri batzuk kaleratuko ditu orain, eta plegu horietan eskatzen dugun hitzarmena jasotzen ez bada, euren lan baldintzak ez dira hobetuko eta ez dute babes juridikorik izango".
Egoera horren aurrean, elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Lege Zaharren enparantzan, udaletxe aurrean, eta maiatzaren 2tik aurrera greba mugagabea deitu dute. "Akordio hori eta lan baldintza horiek bermatuta eduki arte ez dugu amore emango", nabarmendu du Diazek.
Hobekuntzarik gabe
2009an, euren lan baldintzak udaleko langileen baldintzetara gerturatzea lortu zuten, eta 2010-2012rako enpresa hitzarmen batean jaso zituzten hobekuntza haiek. Urteen ostean, parekatze hori ez dela "%100ekoa" izan diote langileek: "Gure soldatak ez dira izan hitzarmen horretan jasotakoak, bidean lege aldaketak egon baitira. Gainera, erreforma berriak daude eta babes juridiko irmorik gabe gelditu gara. Beraz, ez dugu ez hobekuntza ekonomikorik, ezta sozialik izan urteotan".
Hori dela-eta, 2015eko urtarrilean udalari eta enpresari hitzarmen proposamen berri bat luzatu zieten, berriz ere negoziatzen hasteko asmoarekin. "Aurreko Udal Gobernuak begi onez hartu zuen gure proposamena. Enpresak, aldiz, erantzunik ez". Iazko maiatzetik gobernu talde berriarekin ere elkartu dira, "baina konponbiderik gabe jarraitzen dugu".
Erantzukizuna hartzeko eskatu diete enpresari, baina batez ere udalari. ELAko ordezkariaren esanetan, "azpikontratatuak izan arren, udaleko langileak dira, eta herriarentzat zerbitzu bat ematen dute. Egoerari erantzun bat eta konponbide bat ematea eskatzen dugu, beraien eskubideak bermatzeko".