"Duela 50 urtekoak hasi ziren bezala, jarrai dezagun arraun eta amets egiten". Maite Saenz zuzendariaren hitz horiekin amaitu dute Salbatore Mitxelena ikastolaren 50. urteurreneko ekitaldi nagusia. Aritzbatalde pilotalekuan izan da. Bertan bildu dira ikasleak, irakasleak, ikasle ohiak, irakasle ohiak, zuzendaria, zuzendariak izandakoak, ikastolako langileak, gurasoak... eta goraino bete dute frontoia.
50 urteko ibilbideari errepasoa eman diote antzerkiz, dantzaz, kantuz eta beste hainbatez lagunduta eta omenaldiak ere egin dizkiete ikastolaren historian ekarpena egin dutenei, besteak beste, Josu Txapartegi 'Txapas'-i, Karmele Martiarenari, Anjel Lertxundiri, Pako Serrasi, Juan Mari Iturriari eta Salbatore Mitxelenaren senitartekoei.