Itzulerako partida irabazi beharko du Babyautok igoerarekin jarraitzeko

Zarauzko Hitza 2016ko api. 28a, 16:51

Igandean jokatuko dute norgehiagoka, Aparejadores de Burgosen aurka, Asti zelaian, 12:00etan hasita.

Errugbiko Ohorezko Mailara igotzeko igoera faseari heldu zion igandean Babyauto Zarautz taldeak. Final-laurdenetako kanporaketako joaneko partida jokatu zuen bisitari gisara, Aparejadores de Burgosen aurka, eta elkarren aurkako lehen norgehiagokan Burgoekoak nagusitu ziren, 15-12 emaitzarekin.

Partidako lehen minutuetan zarauztarrek agindu zuten zelaian. Berehala jarri ziren aurretik markagailuan, 0-12koarekin. Aurkariak, ordea, ez ziren kikildu, eta pixkanaka-pixkanaka euren jokoa eginez, aldeak murriztu zituzten, garaipena lortu arte.

Igande honetan itzulerako partida jokatuko dute Astiko zelaian, 12:00etan hasita. Babyauto Zarautzek partida irabazteaz gain, hiru gol baino gehiagoko aldea atera beharko dio Burgosko taldeari finalerdietara sailkatzeko. Kanporaketa gaindituko balute, CAU Valenciaren eta CR La Vilaren artean gailentzen den taldearen aurka jokatu beharko lukete finalerdietan, maiatzaren 8an eta 15ean.

Zarautz Rugby Taldeak Burgosera egindako irteerako ikus-entzunezkoa egin du.