Akordiorako bidean

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 4a, 10:30
Garbitzaile batzuk, osteguneko osoko bilkuran. (Aritz Mutiozabal)


Guztia ongi bidean, ostiral goizean egingo dute azkenengo bilera udalak, Villar enpresak eta garbitzaileek. 2012. urtetik hitzarmenik eta babes juridikorik ez dutela salatu dute langileek. 


Atzo bildu ziren Limpiezas Villar enpresako ordezkariak, Zarauzko Udal Gobernukoak eta udal eraikinetako garbitzaileenak, akordioaren zirriborroa adosteko. Enpresa eta garbitzaileek zerbitzu juridikoarekin aztertuko dituzte bertan jasotako puntuak, eta dena ongi bidean, ostiralean sinatuko dute 2016-2019 urte bitarterako hitzarmena. Jesus Arana Zarauzko Udaleko Giza Baliabideetako zinegotziak adierazi du akordioa «bideratuta» dagoela, eta «forma ematea» falta dela. ELA sindikatuko Zerbitzuetako Urola Kostako arduradunak adierazi du akordiorako alde guztiek «borondatea» erakutsi dutela.   

Greba, etenda
Hilaren 22an elkarretaratzea egin zuten Villar enpresako garbiltzaileek udaletxe atarian, salatzeko 2012tik hitzarmenik gabe eta babes juridikorik gabe ari zirela lanean.

Udalak azpikontratatuta du garbiketa enpresa hori eta bertako langileak arduratzen dira udal eraikinak —kultur etxea, Orokieta eskola, haur eskola, musika eskola, kiroldegia, gaztelekua, besteak beste— garbitzeaz. Emakumezkoak dira guztiak, 40 bat langile inguru.

2009an, euren lan baldintzak udaleko langileen baldintzetara gerturatzea lortu zuten, eta 2010-2012rako enpresa hitzarmen batean jaso zituzten hobekuntza haiek. Urteen ostean, parekatze hori ez dela «%100ekoa» izan diote langileek. Bidean lege aldaketak egon dira, ondorioz, ez zuten «ez hobekuntza ekonomikorik ezta sozialik izan».  

Egoera ekonomiko-sozial hobe bat izateko hitzarmen berri bat eskatu zuten langileek. Hori lortu ezean, aste honetan greba mugagabea hasiko zutela iragarri zuten. EH Bilduk bere egin zuen ELAren mozioa ostegunetako osoko bilkuran, «urgentziaz» aurkeztutakoa. Alderdi guztiek aho batez onartu zuten egoera horri «lehenbailehen» irtenbidea eman behar zitzaiola.

Enpresarekin zein udalarekin hainbat bilera egin dituzte. Ostiraleko bilkuran, zehazki, hitzezko aurre akordio batera iritsi ziren ELAkoak eta enpresa, eta orduan greba mugagabea momen-
tuz etetea erabaki zuten, hitzarmena sinatu bitartean.

Etzi bilduko dira berriz ere eta aurreikusi dute orduan sinatuko dutela akordioa. Aranak aurreikusi du plegu berriak osatzerakoan, hitzarmena kontuan hartuko dutela langileen eskubideak bermatuta gera daitezen.