«Ibilbidearen zati bat ezezaguna da, baita zarauztarrentzat ere»

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 5a, 10:30

Antolakuntzaren ardura hartu berritan, ibilbidea aldatzeko «ausardia» izan du  ikastolako guraso taldeak. Aurten bide zirkularra egingo dute korrikalariek, gehiengo zatia mendi bideetan zehar.  «Lasterkariek errepidea saihestu nahi dute; nahiago izaten dute menditik ibili», jakinarazi du Igor Etxeberria Salbatore Mitxelena Ikastolako guraso taldeko kideak. Aurreko urteetan, ibilbidea joan-etorrikoa izaten zen, Zarauztik Pagoetako gurutzeraino eta buelta, bide beretik jarraituz.  

Oraingoan, ibilbidea zirkularra izanda, lasterkariek ez dute bi aldiz leku beretik pasatu beharko. Irteera eta helmuga Klabelinsoro plazan jarriko dituzte, Aritzbatalde kiroldegi parean. Frantsezkuako zubia gurutzatuz, Abendañotik pasatu eta Argoin Txikiraino igoko dira parte-hartzaileak. «Goraka, ibilbidea betikoa izango da».
Beherakoan izango dira aldaketa nagusiak. Gainera, batek baino gehiagok «sorpresa» eramango duela aurreratu du Etxeberriak: «Ibilbidearen zati bat nahiko ezezaguna da, baita zarauztarrentzat ere».

Beherantz, Mazinger bezala ezagutzen den eremutik Amezketa-Lardi aldera joko dute parte-hartzaileek. Ondoren, Pagoeta parke naturala gurutzatuko dute, Orbelaun aldera iristeko. «Hortik jaitsiera oso polita da, Zarautz bistaratuz», dio. Olaa erreka aldera joko dute gero, hori pare bat aldiz gurutzatuz, «oinak bustiz». Abendañotik helduko dira helmugara.