Lizardi Institutuak jangela zerbitzua eskaintzen die Hauspoa proiektuan dabiltzan ikasleei; izan ere, proiektuko jarduerak arratsaldez egiten dituzte. Auzolagun enpresak catering bidez sustatzen du jangela zerbitzua, eta une honetan bi langile arduratzen dira horretaz. Auzolaguneko langileek LAB sindikatuaren bitartez jakitera eman dutenez, 90 inguru ikasleri ematen diete bazkaltzen eta ordu erdi izaten dute horretarako. Denbora tarte hori "eztabaidagarria" dela diote.
Nerabeen garapen fisiko nahiz psikikorako elikadurak duen garrantzia nabarmendu dute, baita otorduak "lasaitasunez" egiteak pertsonen osasunean duen garrantzia ere. "Ikaslea gelatik ateratzen den unetik jantokitik ateratzen den arteko ordu erdi eskasak ez du aukerarik ematen eguneko otordurik sendoena behar den lasaitasunez egiteko", adierazi dute. Unea "estresagarria " bihurtzen dela jakinarazi dute, gainera.
Arazoari konponbidea emate aldera, eragiten dien alde guztiekin elkartu direla azaldu dute; hau da, zuzendaritzarekin, guraso elkartearekin, jangelako arduradunarekin, enpresarekin eta abar. Langile bakoitzari lanaldia egunean ordu laurdenez luzatzea eskatu dute, baina eskaera ez dutela aintzat hartu adierazi dute. "Bigarren mailako langile bezala jotzen direnez, erantzuna ez da arduratsua izan", azaldu dute LAB sindikatutik.
Era berean, "beraien lanean eragin zuzena duten erabakiak hartzerakoan jantokiko langileen iritzia jasotzea ere inportantea izango litzatekeela iruditzen zaigu, horren guztiaren ondorioz langile hauen egoera oso prekarioa dela kontuan hartuta".