Sinatu dute hitzarmena Limpiezas Villar enpresak eta bertako langileek

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 6a, 16:41
Garbitzaile batzuk, osteguneko osoko bilkuran. (Aritz Mutiozabal)

ELAk jakinarazi du garbitzaileek hobekuntza sozialak eta ekonomikoak lortu dituztela akordio berriarekin.

Urte eta erdiko negoziazioaren ostean, gaur sinatu dute hitzarmena Limpiezas Villar enpresako ordezkariek eta bertako langileek. Langile horiek greba mugagabea hasiko zutela iragarri zuten pasa den apirilaren 22an, 2012. urtetik hitzarmenik eta babes juridikorik ez dutela salatzeko. Villar enpresa azpikontratatuta du udalak eta bertako 40 bat emakume Zarauzko eraikin publikoen—besteak beste, kultur etxea, Orokieta eskola, haur eskola, musika eskola, kiroldegia, gaztelekua— garbitasunaz arduratzen dira. 

2016-2019 urte bitarteko hitzarmena sinatuta, gutxienez datozen lau urtetan langile horien lan baldintzak hobetuko direla jakinarazi dute ELA sindikatutik. Akordioan jaso dute, batetik,  KPI gehi 2,18ko igoera izango dutela soldatetan eta baita aintzinatasuna eta garraio plusari dagozkion hobekuntzak ere. Bestetik, hobekuntza sozialak ere izango dituzte hitzarmen berria sinatuta, lan erreformei aurre egin eta euren lan baldintzak blindatzeko.

Era berean, Zarauzko Udalak konpromisoa hartu du pleguak osatzerakoan sinatu berri duten akordioa sartzeko.

Lortutakoa "langileon borrokaren ondorioz eskuratutako garaipen bat" dela nabarmendu dute sindikatutik. "Estatalizazioak eta negozializazio kolektiboaren zentralizazioak astintzen gaituen garai honetan, balio erantsia dauka hemengo enpresa hitzarmena sinatu izana. Zarauzko hitzarmena daukagu, gure hitzarmen propioa eta guztia, langile kolektiboaren batasuna eta borrokarako grina medio. Eta horri esker, 4 urtetarako egonkortasuna lortu dugu prekarietateari aurre eginez", adierazi dute.

"Harro eta pozik" sentitzen direla aitortu dute eta eskerrak eman dizkiete "denbora honetan guztian babesa agertu dutenei", besteak beste, herritarrei zein haien ondoan egon diren erakundeei.