Sexu aholkularitza zerbitzuko logotipoa aukeratzeko lehiaketa martxan

Ostirala arte aurkez daitezke diseinuak.

Sexu Aholkularitza zerbitzua identifikatu eta ezagutzera emango duen logotipoa aukeratzea da lehiaketaren helburua. 18 urtetik gorakoek aurkez ditzakete diseinuak, banaka edo taldeka. Parte-hartzaile bakoitzak gehienez lan bat aurkeztu ahalko du. Horrek orijinala eta aurrez argitaratu gabea izan behar du.

TIFF, JPG edo PDF formatuan aurkeztu beharko da, 300ppp-ko bereizmenarekin. Koloreei dagokionez, kontuan izango da lanaren erreproduzioak zailtasunik ez ematea eta lau tinta—kuatrikomia— baino gehiago behar ez izatea.

Diseinuarekin batera, horren inguruko azalpen bat ere gehitu beharko zaio. Artxiboari gezurrezko izen bat jarri beharko zaio, eta horrekin batera karpeta bat bidali, izen berberarekin. Karpeta horren barruan ondoko datuak zehaztu beharko dira: izena eta bi abizenak; jaiotze eguna; helbidea; telefono zenbakia; posta elektronikoa eta NAN edo nortasun agiri ofiziala atzerritarren kasuan, bi aldeak eskaneatuta.

Lanak eta karpetak maiatzaren 13ra arte bidali daitezke berdintasuna@zarautz.eus helbidera. Epaimahaiak sari bakarra banatuko du, 600 eurokoa.

Esteka honetan aurki daiteke informazio osoa.