46 gaztetxok lagundu dute ZSEren hondartza garbiketa saioan

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 16a, 19:57

Modu ludikoan ari ziren hondakinak biltzen, sei taldetan banatuta. Talde bakoitzak bina poltsa handi bete zituen.

Hondartza garbitzeko ekitaldia antolatu zuen Zarautz Surf Elkarteak aurreko ostiralean, Surfrider Fundazioaren babesarekin, eta 46 gaztetxok hartu zuten parte. Ingurumena zaintzearen eta babestearen garrantzia helarazi zieten ZSEko kideek, modu ludikoan.

Horretarako, 6 talde banatu zituzten, eta biltzen zituzten hondakinen artean bost kasu berezi topatu behar zituzten: Y itxurako zerbait, berrerabilgarria zen zerbait, baliotsua zen zerbait, arriskutsu zen zerbait eta zer zen ez zekiten beste zerbait, hain zuzen ere. Giro atseginean eta eguraldia lagun, talde bakoitzak bina poltsa handi bildu zituzten.

Bilketaren ondoren, askaria egin zuten ZSEren lokalaren kanpoaldean. Jardunaldia biribiltzeko, surf ikataroa bat jasotzeko aukera izan zuten 24 gaztetxok, surfeko entrenatzaile nazionalaren titulua ateratzen ari diren begiraleen eskutik.