Hemen dira lehenbizikoak

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 18a, 15:49
60 lagun ariko dira Santa Marina Egunaren bezperan danborra astintzen (Aritz Mutiozabal).

Bihartik hasi eta igandera bitartean, askotariko ekitaldiak izango dira Santa Marinan, auzo horretako jaiak ospatzeko. Txupinazoa bihar da, 19:00etan

Aurreko asteburuan giroa berotu ondoren, bihar lehertuko da Santa Marina, denboraldiko festa egutegiko lehenbizikoa. Haurren korrika txapelketak jokatu ondoren, 19:00etan festak iragartzeko txupinazoa bota eta bandera igoko dute. Igandera arte askotariko ekintzak izango dira auzo horretan adin guztietako herritarrei zuzenduta.

Ostiral iluntzean egingo dute Santa Marina danborrada, urtero legez. Gaur amaituko dituzte entseguak eta Santa Marinako festa batzordetik jakinarazi dute saioetan jende dezente bildu dela. Arkaitz-Mendi ehiza eta arrantza elkarteko kideek joko dituzte upelak, beste hainbat herritarrek lagunduta. Guztira, 60 bat lagun ariko dira Santa Marina Egunaren bezperan danborrak astintzen, erreginaren karrozari lagunduz. Igandea egun berezia izango da. Santamarinetako azken eguna gai bati buruzkoa izan ohi da, eta aurten Ijitoen Eguna antolatu dute. Auzotarrek ijitoz jantzita jaitsiko dute bandera.