Eskolarteko Xake Festa egingo dute lehen aldiz asteburuan

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 17a, 20:12
Ezkerretik hasita, Esteban Collantes, Arrate Ugalde, Bingen Urbieta eta Fernando Markina (Aritz Mutiozabal)

Zarautz Kirol elkarteko xake atalak eta Orokieta Herri Eskolak elkarlanean antolatu dute egitasmoa. Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkarteak postua jarriko du beren zeregina ezagutzera emateko.

Larunbatean eskolarteko txapelketa jokatuko dute egun osoan, Orokieta Herri Eskolako frontoian. Sistema suitzarra baliatuko dute horretarako, zazpi txandatan banatuta, eta jokalari bakoitzak 15 minutuko denbora tartea izango du txanda bakoitzean; goizean lau txanda egingo dituzte eta arratsaldean, berriz, hiru.

ZKEko xake ataleko arduradun Bingen Urbietak aditzera eman duenez, Vioño de Pielagosen (Cantabria. Espainia) egin ohi duten txapelketa izan dute oinarri honakoa antolatzekorakoan. Euskal Herri osoko 8 eta 16 urte arteko 200 gaztetxo espero dituzte. Horiek hiru mailetan banatuko dituzte: benjaminak, alebinak eta infantil-kadeteak.

Orokietako ordezkari Arrate Ugaldek xakeak haur eta gazteengan dituen onurak azpimarratu ditu. "Eguneroko bizitzan erabakiak hartzen laguntzeko baliagarri da, baita erantzukizun hartzeko ere". Hori guztia modu ludikoan barneratzen dela gaineratu du, gainera.

 

Ekitaldi erreferentea

Txapelketa gaztetxoei zuzenduta egon arren, festa familia osoarentzat izango dela nabarmendu du ZKEko lehendakari esteban Collantesek. Izan ere, egunean zehar magia ikuskizuna, hitzaldiak eta tailerrak izango dira. Collantesen arabera, egitasmoa "erreferente" izatea nahi dute.

Igandean, berriz, aldi bereko partidak jokatuko dira Malekoian, Zarauzko Damaren inguruan. ZKEko xake ataleko kide bat ariko da hainbat jokalariren aurka, 17:00etatik 20:00etara.

Festan parte hartu nahi duten gaztetxoek egitasmoko webgunean eman dezake izena. Inkripzioa doakoa da, baina beharrezkoa dizango da egitea.

Antolatzaileek Arnasa Gipuzkoako Fibrosi Kistikoaren Elkartea gonbidatu dute, euren jarduna ezagutzera eman dezaten. Hori horrela, informazio postua jarriko dute larunbatean eta igandean. Fernando Markina elkarteko lehendakariordearen hitzetan, "xakea eta gu gutxi ateratzen gara komunikabideetan. Oihartzuna behar dugu, eta hori da gure helburua. Gizarteak jakin dezala hemen gaudela, gaixotasuna dutenei laguntzeko prest".