Arratsalderako lainotu egingo da

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 18a, 09:00

Goizean eguzkitsu mantenduko da, baina orduak aurrera joan ahala hodeiak sartu eta baliteke zirimiria egitea.

Eguzkia nagusituko da egunaren lehenbiziko zatian eta giro atsegina egingo du. Orduak aurrera joan ahala, ipar-mendebaldeko haizea harrotu egingo da eta arratsaldean lainotzera joko du. Baliteke iluntzean zirimiria  egitea ere. Tenperatura berdintsu mantenduko da: gehienez 17 gradu egingo ditu eta gutxienez 12 gradu.

Atzo bezala, norabide aldakorreko haizeak itsaso kizkurra eragingo du goizean eta itsaskirria arratsaldean. Mendebaldeko hondoko itsasoak metro erdi eta metro bat arteko olatuak altxatuko ditu. 09:33ean izango da lehenbiziko itsasbehera eta 21:26ean bigarrengoa. Arratsaldean, 15:47an egongo da marea goian.