9 urte beteko ditu aurten Zarauztik Mundura, Mundutik Zarautzera jaialdiak. Festa horren bidez, herriko kulturaniztasuna erakutsi eta goraipatu nahi du udalak, Iratxe Zorrozua Immigrazio zinegotziaren arabera, "guretzat gure herrian dugun aberastasun handienetako bat delako". Horregatik, babestu eta herritar guztiekin partekatu behar den ekitaldi dela nabarmendu du.
Aurten ekainaren 4ean ospatuko dute kulturaniztasunaren jaia. Berrikuntza gisa, herrialde guztietako ordezkariak zentralizatuta egongo dira. Alegia, postu ezberdinetan ordez, barra bakarraren bueltan bilduko dira guztiak. Bertan hartuko dute parte, besteak beste, Argentina, Bolivia, Kolonbia, Venezuela, Pakistan, Nikaragua, Dominikar Errepublika, Sahara, Peru, Senegal eta Guatemalako ordezkariek.
12:00etan emango diote hasiera jaialdiari, eta askotariko ekintzak izango dira horren barruan: munduko dantzak; musika emanaldiak; haurrentzat txokolatada zein jolasak; sukaldaritza erakustaldia eta karaoke lehiaketa, besteak beste. Txapelketa horretan parte hartzeko antolatzaileei deitu beharko zaie telefonoz ondoko zenbakietara: 603-725259 (Adalberto), 615-724894 (Gustavo) eta 607-648390 (Silvia). Zehaztu beharko da abestiaren izena eta baita parte-hartzailearen izen-abizenak zein telefono zenbakia ere.
Maiatzaren 29ean, berriz, herri bazkaria eta dantzaldia izango dira, Gaztelekuan. Bazkarian parte hartu nahi dutenek Dia saltokira joan beharko dute txartela eskuratzeko, 13:00-20:00 bitartean.
"Guretzat Zarautzen diren guztiak dira zarauztarrak; berdin du bakoitza nondik eta noiz etorritakoa den. Besoak zabalik jaso nahi ditugu guztiak, guretzat Zarauztik Mundura zarauztar guztion festa da, ez bakarrik kanpotik etorri direnena. Horregatik, herritar guztiak gonbidatu nahi ditut jaialdian parte hartzera".