Ainhoa Murua: "Lan on bat egiteko gogoz noa Riora"

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 18a, 17:36
Ainhoa Muruak gaur eginiko agerraldian (BAT Basque Team).

Bere olinpiar marka hobetzea gustatuko litzaiokeela aditzera eman du.

Riora "ilusioz beterik" joango dela adierazi du triatleta zarauztarrak, Basque Team eta Fadurako Hobekuntza Teknikorako Zentroan gaur egin duen agerraldian. Ilusioz eta "lan on bate egiteko gogoarekin". Aurreko Olinpiar Jokoetako esperientzia "oso baliagarria" izango zaiola nabarmendu du, gainera. Izan ere, laugarrenez sailkatu da Jokoetarako: 2004an Atenasen izan zen, 2008an Beijingen, 2012an Londresen eta, aurten, Rio de Janeiron lehiatuko da.

Orain arte, hiru euskal kirolarik baino ez zuten lortu lau aldiz sailkatzea: Maider Telleria belar-hockey jokalariak, Ainhoa Ibarra eskiatzaileak eta Almudena Cid gimnastak, alegia. Gizonezkoetan ez dago lau Jokotan parte hartu duen euskal kirolaririk.

Muruaren xedea da bere olinpiar marka gainditzea, orain dela lau urte erdietsitako diploma hobetzea, alegia. "Burugogorra" dela eta horretan saiatuko dela adierazi du, nahiz eta aitortu duen “lehiakideek oso maila ona daukatela”.