'Mr. SeƱora' ikuskizuna eskainiko Metrokoadrokak (Metrokoadroka).

Gaur abiatuko dute Literaturia eta igandera bitartean askotariko ekitaldiak izango dira. 'Mr. Señora' eta 'Isabel Iturberen bizitza eta heriotza' estreinatuko dituzte, tartean. 

Literaturia jaialdirako atzerako kontaketa martxan dago. Larrabetzuren lekukoa hartu eta dagoeneko egonkortuta, hirugarren urtez Zarautz izango da euskal letren plaza gaurtik hasi eta igandera bitartean. Odola eta ardotik larrura igaro dira aurten, eta oraingoan ere Plazer hutsa eragiteko askotariko ekitaldiak izango dira lau egunetan zehar. Tartean, Literaturiarako propio sortutako hainbat ikuskizun estreinatuko dituzte.

Horietako bat da Mr. Señora, Oier Guillanen liburuan oinarritutako antzerki-errezitaldi dramatizatua. Metrokoadroka kolektiboak eskainiko du eta Ainhoa Alberdi, Amaia Corral, Joseba Roldan eta Guillan bera ariko dira aktore lanetan. Laurak izango dira oholtza gainean, aldi berean, Mr. Señoraren ahotsak irudikatuz. «Esango genuke Inside out filma bezala dela pixka bat», zehaztu du Alberdik.

Zarauztarrak Ainara Gurrutxaga aktoreak egindako Gorputz deserosoak hitzaurrea hartu du abiapuntu gisa ikuskizuna azaltzeko: «Gorputza iraultza bezala hartzen du. Zergatik? Gorputza deserosoa delako: egiak esaten ditu, ezin dugu engainatu, sentitu egiten du, bizirik dago. Buruarekin eta arrazoiarekin beste zerbait adierazi arren, gorputzak sentitzen duena azaleratuko du».

Liburuan ideia erradikalak ez direla deserosoak dio, demokratikoak direlako. «Demokraziak lokartu egiten gaitu, ordea, anestesiatu. Denak izan behar du baketsua, eta horrek eramaten gaitu inertzia batera». Gurrutxagarekin bat egiten du: «Azkenean izoztu egiten gara».


Armairuak desegin

Instintua, emozioa, pasioak, amorrua... Non geratzen dira, orduan? «Sosegua bilatu behar dugu gure bizitzan, bai, baina ez barruan duguna alde batera utziz. Emozio eta sentipen horiengandik hartzen dugulako indarra aurrez aurre begiratzen diegunean».

Mr. Señorak begiratzen die sentipen horiei aurrez aurre. «Biluztu egiten da, nolabait. Zentzu zabalean, armairutik ateratzearen ideia da gai zentrala, eta Mr. Señorak dio demokraziak desarmairutu egin duela, armairuak desegin egin dituelako», nabarmendu du aktoreak.

Generoaren ideiaz gain, kritika politiko eta soziala ere egiten du testuak. Errezitaldi postraumatikoa dela adierazi du Alberdik, entsegua ikustera joan zen haren lagun batek esandakoa bere eginez. «Agian hitza ez da trauma, baina finean bizitako esperientzia garrantzitsu bat erakusteko eskubidea aldarrikatzen du. Ezer ezkutatu gabe eta zuzentasuna mantendu gabe, norbera den bezala erakustekoa. Niri hori eragin dit testuak, eta horrek indarra ematen dit. Beste mundu bat izango genuke guztiok Mr. Señora izango bagina».

Zentzu horretan, antzerki-errezitaldi dramatizatuak «geruza izoztuak desegin eta barruak astinduko» dituela ziur dago Alberdi.


Fikzioa eta errealitatea

Literaturiako hirugarren egunean, larunbatean estreinatuko dute Mr. Señora, 17:00etan. Horren aurretik, 12:30ean izango da beste estreinaldi bat: Isabel Iturberen bizitza eta heriotza kontakizunarena, hain zuzen. Fikzioa eta errealitatea nahastuko dituzte ITU Bandak eta Kaluse musika taldeak ikuskizun horretan. Errealitatea, Iturbe bera izan izan zelako, eta fikzioa «ezer gutxi» dakitelako emakume horretaz, Peru Iparragirre ITU Bandako kide zarauztarrak dioenez. «Pasai Antxokoa zela, gaueko eskolan irakasle lanetan ibiltzen zela eta  euskararen militantea zela». Hori da dakitena.

Argiako artikulu batean egin zuten pertsonaia horrekin topo. «Aspaldiko aleak begiratzen ari ginela, haren inguruko artikulu txiki bat topatu genuen, kasualitatez». Arakatzen hasi eta haren bizitza kontatzea erabaki zuten. Horretarako, haren ingurukoen larruan sartuko dira ITU Bandako kideak, eta haien fikziozko begietatik kontatuko dute irakaslearen bizitza zein heriotza.

Poesia eta musika uztartuko dituzte ikuskizunean, iaz Celosamente Gordea taldeak Napoka Iria taldearekin eta Joseba B. Lenoir musikariarekin eskainitako ikuskizuna eredu hartuta. Kasu honetan, Azpeitiko Kaluse taldea izango dute ITU Bandakoek bidelagun Modelo aretoko oholtza gainean.