zarauzkohitza.eus

Euskaraz bizi eta lan egin

Zarauzko Hitza 2016-05-19 17:00   euskara

Mauka garagardotekak, Lakari kooperatibak eta Arkamurka natur taldeak jaso dituzte Euskai sariak, euskararen erabilera sustatzeagatik.

Hirugarren urtez, Euskai sariak banatu ditu Zarauzko Euskara Aholku Batzordeak eta Zarauzko Udalak, euskararen normalkuntzan pausoak eman dituzten taberna, denda eta elkarteen lana aitortzeko. Lakari kooperatibak, Mauka garagardotekak eta Arkamurka natur taldeak jaso dituzte aurten.

Balio erantsia Zarautzen saria eman diote Lakariri, euskaraz lan egiteko erabakia hartu dutelako; errotuluak, paisaia linguistikoa eta irudi korporatiboa euskaraz jarri dutelako eta bezeroekin euskaraz harremantzen direlako. Leire Udabek jaso du saria Xabier Txurruka alkatearen eskutik, eta sari horrek «indar izugarria» eman diela aitortu du: «Hasiberriak gara eta honek indar izugarria eman digu aurrerantzean ere euskaraz bizi eta apustu horrekin aurrera jarraitzeko». Adierazi du Lakariko kideek euskaraz lan egitea «eskubide» gisa ulertzen dutela eta herritarrek ere zerbitzua euskaraz jasotzeko eskubidea dutela. Gainontzeko eragileak animatu ditu apustu bera egitera.

Arkamurkak, berriz, Euskara ere sarean saria eskuratu du, webgunea, bloga eta antolatzen dituzten jarduera guztiak euskaraz direlako . Amaia Olazabal Euskara Aholku Batzordeko kideak eman die saria Asier Aldalur eta Martxel Aizpuruari. «Arkamurkak bi blog kudeatzen ditu: Iñurritzako biotopoa (inurritzakoak.blogspot.com.es) eta natur taldeari dagozkionak (arkamurkanaturtaldea.blogspot.com.es). Horiek eta aurrera eramaten ditugun jarduera guztiak euskara hutsean saiatzen gara, eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu», dio Aldalurrek.

Maukako ordezkari Amaia Basurtok Nekane Iribar Euskara zinegotziaren eskutik jaso du Euskara ere menuan saria. Euskaraz lan egiteko apustua egin dutelako, bezeroarekin harremana euskaraz egiteagatik, menua euskaraz dutelako eta kanpotik datorkien publizitatea euskaratzeko egindako ahalegina aitortu diete Maukakoei hala. Basurtok nabarmendu du «naturalki» egiten dutela lan euskaraz, eurak euskaraz bizi direlako.

Aurtengo saridunek Iñigo Manterolaren eskultura bana jaso dute. Zarautzen bizi den artista oriotarrak jakinarazi du marrazkia direla, baina hiru dimentsiotara eramanda: «Aita arrantzalea nuen, eta hura margotzeko asmoarekin, itsasontzi batean sartu nintzen. Han bizitako esperientziatik abiatuta egin ditut eskulturok, pertsonaia alde batera utzita eta lerroak landuz».  Ohartarazi du ez direla «betirako eskulturak», «espazioan bueltan mugimenduan dabiltzan lanak» direla.

Udaletik, laguntza
Euskara Aholku Batzordeko ordezkariak nabarmendu du aurtengo sarituak ez direla euskara sustatu eta horren erabilera bultzatzen duten  bakarrak, baina «lan handia» egiten dutela egunerokotasunean euskararen alorrean. Aurrera begira ere, euskararen normalkuntzan eragiten duten denda, taberna eta eragileak saritzen jarraitzeko asmoa dutela aurreratu du.

Zarauzko alkateak, bere aldetik, saridunak «eredu» direla eta euskaran sustatzeko egiten duten ahalegina goraipatu du. «Zarautz herri euskalduna da eta euskara bizi dugu; hori da normala guretzat. Baina, zoritxarrez, oraindik lan egin behar da horren inguruan», adierazi du.

Era berean, Txurrukak gogoratu du Zarauzko Udaleko Euskara Zerbitzuak laguntza eskaintzen diela establezimenduei, besteak beste, errotuluak euskaratu zein menuak euskaraz jartzeko.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa