ZAEko jubenilek zilar bikoitza

Zarauzko Hitza 2016ko mai. 23a, 14:48
ZAEko jubenil mutilak txapeldunorde bukatu dute Gipuzkoako Ligan eta Txapelketan (ZAE).

Gipuzkoako trainerillen ligako azken jardunaldia eta Gipuzkoako Txapelketa jokatu dituzte asteburuan, Hondarribian.

Zarauzko Arraun Elkarteko jubenil mutilek primerako trainerilla denboraldia osatu dute. Larunbatean, Trainerilla Ligako azken estropada irabazi zuten, bigarren sailkatutako San Juani ia 8 segunduko aldea aterata. Emaitza horri esker, Ligan zilarra lortzeaz gain, igandeko Gipuzkoako Txapelketan parte hartzeko txartela lortu zuten Unai Arcos, Unai Bikuña, Ioritz Zubillaga, Joanes Saiz eta Martin Rekondo arraunlariek, Aitzol Garroren agindutara.

Igandean ere estropada txukuna egin zuten jubanilek, baina getariarrek aurre hartu zieten, eta segundu bakarreko aldearekin bigarren postuan amaitu zuten. Hirugarren eta laugarren izan ziren San Pedro eta San Juan oso urrun bukatu zuten, zarauztarrengandik 20 segundura. Emaitzarekin oso gustura baina apur bat triste ere gelditu ziren, bandera eskura izan zutelako.

“Irteera txarra egin dugu, babor eta estriborrak batera joan gabe, eta beste ontziek alde egin digute hasieran. Lehen luzean bertan harrapatu ditugu San Juan eta San Pedro, baina Getaria ziabogara aurretik iritsi da. Ziaboga zabala eman dugu, eta Getariak olatua hartzean, tartea zabaldu digu", adierazi du Joanes Saiz arraunlariak. B"igarren luzean tarteak mantendu ditugu eta ziabogan kateatu egin gara, oso estu emateagatik. Denbora galdu dugu eta San Pedroren parean irten. Hirugarren luzean ona izan da baina Getariarengandik 10 segundura". Azken luzea oso ona izan dela nabarmendu du Saizek: "Aitzol patroia oso bizi ibili da, eta norabide oso ona hartu du. 9 segundu jan dizkiegu eta amorruz bukatu dugu, beste 20 metroan pasa eta bandera irabazi egingo baikenuen"

Datorren asteburuan Euskadiko Txapelketa izango dute jokoan, Mutrikun. Hura irabazteko "gogotsu” uretaratuko direla azaldu du arraunlari jubenilak.

 

Seniorrak txapelketatik kanpo

Senior mutilak bosgarren postuan sailkatu ziren larunbateko proban, eta Gipuzkoako Txapelketako finaletik kanpo geratu ziren. Unai Agirre, Imanol Eizagirre, Xabi Ormazabal, Igor Gurutxarri, Oinatz Arretxe eta Beñat Eizagirre arraunean eta Gaizka Garmendia patroi lanetan izan ziren. Triste bukatu zuten estropada, Oiartzunek 4 segunduko aldea atera zietelako, eta gutxigatik finaleko txartela lortu ez zutelako. Liga, bien bitartean, laugarren postuan bukatu dute.