'21 urte, 21 artista' erakusketa zabaldu dute Sanz Enean

Aritz Mutiozabal 2016ko eka. 3a, 16:26

Xabier Saenz de Gorbearen omenez antolatu dute, eta uztailaren 10a bitartean izango da ikusgai. Gaur arratsaldean egingo dute inaugurazio ekitaldia, 19:00etan.

1993tik EHUko Arte Ederretako ikasleen lanekin erakusketa bat antolatzen dute Zarauzko kultur etxeko aretoan. Iaz ez zuten egin, egitasmoaz arduratzen zen Xabier Saenz de Gorbea kritikari, historiagile eta Arte Ederretako irakaslea zendu egin zelako. Aurten berriz heltzea erabaki dute, eta erakusketa ontzeko ardura EHUko Arte Ederretako irakasle Ismael Manterola zumaiarrari eskaini diote.

Manterolak, salbuespen moduan, "ziklo bat itxi" nahi izan du aurten, Saenz de Gorbeak antolatutako erakusketen laburpen bat bilduz eta, bide batez, halako omenaldi bat eginez. "Hori horrela, 21 urtetan izandako artista horien artean urte bakoitzeko artista baten obra batekin osatzea bururatu zait", adierazi du honek. Gaur egun aktiboan dauden artistak aukeratu ditu, eta, era berean, arte diziplina ezberdinetakoak: argazkia, pintura, bideoa, eskultura eta abar.

"Ez nuen nahi erakusketa arkeologiko bat egin nahi; hau da, ez nuen bere garaian erakutsitako obrak berriz bildu nahi. Beraz, parte hartu duten artistei obra berri bat ekartzeko eskatu diet", nabarmendu du Manterolak: "Euskal Herrian gaur egun egiten ari denaren lagin bat litzateke, nolabait ere". Dena dela, 1993an erakutsitako argazki bat paratu dute: Eduardo Sourrouillek garai hartan erakutsitako obra egungo erretratu handi batekin lotu nahi izan du.

21 urte, 21 artista erakusketan parte hartu duten artisten artean, Zuhar Iruretagoiena zarauztarren eta Bigara zumaiarraren obrak ikus daitezke. Gaur arratsaldean inauguratuko dute, 19:00etan, eta uztailaren 10a bitartean izango da ikusgai, Sanz Enean bertan, 18:00etatik 20:00etara.