Udala, Zarautz-Lur eta Santa Ana Egoitza Fundazioaren arteko hitzarmena, sinatuta

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 7a, 14:31
Xabier Txurruka eta Arantza Zabalegi akordioa sinatzen. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Gaur goizean sinatu dute hitzarmena Xabier Txurruka alkateak eta fundazioko ordezkari Arantxa Zabalegik.

Ostiralean Visesarekin hitzarmena sinatu ondoren, gaur Santa Ana Egoitza Fundazioarekin izenpetu dute akordioa udalak eta Zarautz-Lur elkarteak. 2009ko abenduaren 9an du abiapuntua horrek. Egun horretan sinatu zuten fundazioak eta Zarautz-Lurrek eskritura publikoa. Horren bidez, elkarte publikoak lursail bat erosi zion Santa Anari, "Aldapeta sustatzeko beharrezkoa dena". 

"Akordioa gauzatze ez zenez, 2014ko urriaren 29an fundazioak demanda aurkeztu zuen udala eta Zarautz Lurren kontra", gogoratu du Xabier Txurruka alkateak. 2015eko ekainaren 30ean Azpeitiko epaitegiak epaia eman zuen: partzialki onartu zuen Santa Anak jarritako demanda. "Ondorioz, udala eta Zarautz-Lur ordaintzera kondenatu zituzten".

"Denbora pasatu zen, gobernu berria heldu zen udalera, eta duela urtebetetik udaleko, Zarautz-Lurreko eta fundazioko batzordeko ordezkariek elkarrizketak izan ditugu akordio bat egiteko eta 2009an hitzartutakoaren  izpiritura itzultzeko", nabarmendu du Txurrukak. "Izan ere, fundazioak Aldapetako lokalen beharra dauka, egoitzan zerbitzu hobea emateko".

"Guztia beti herriaren esku"

Gaur sinatutako hitzarmenak epaia ordezkatuko du. Horren arabera, 2009ko abenduaren 9ako eskrituran aurreikusitako lokalen eta garajearen jabetza osoa emango dio udalak fundazioari. Era berean, orduko eskrituran aurreikusitakoa baino azalera handiagoko eremua saltzeko konpromisoa hartu dute udalak eta Zarautz-Lurrek. "Egungo eraikineko instalazioen hedapen gisa ulertu beharreko espazioa izaki, ospitale erabilerako eremutzat hartuko da espazio berria ere", azaldu du. Lokalen obra amaitzean formalizatuko dute salerosketa.

Eremu berria lotuta egongo da egungo egoitzarekin, pasabide baten bidez. Halaber, ibilgailuen sarbide berria egingo dute udalak eta Zarautz Lurrek, Arrosaleda parke aldetik. Udalak abal bat jarriko du hitzartutakoa betetzeko berme gisa.

Santa Ana fundazioak adinekoen bizi kalitatea hobetzeko egiten duen lana goraipatu du alkateak, eta fundazioak etorkizunean izan ditzaken beharrak asetzeko, zerbitzuak hobetzeko eta kalitatea bermatzeko halako zabalpena "behar-beharrezkoa" dela nabarmendu du.

Zabalegik adierazi du azken 5-6 urteak "oso gogorrak" izan direla eta horregatik eskerrak eman dizkio alkateari "azkenean adostasun batera heldu" direlako. Horri esker, zarauztarrek onurak izango dituztela esan du, eta egoitzako erabiltzaileen bizi kalitatea hobetuko dela. "Bulego berriak izango ditugu, ile-apaindegi zabala, gimnasioa eta terapia egiteko areto bat. Horrekin batera, txoko bat egokituko dugu adinekoak euren senitartekoekin bildu daitezen".

Zabalegik nabarmendu du Santa Ana fundazioa pribatua dela, baina "guztia beti herriaren esku jarri" dutela.