Negoziazio kolektiboaren zentralizazioa salatu dute

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 15a, 14:36
Lege Zaharren enparantzan elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian.

ELAk deituta, elkarretaratzea egin dute Lege Zaharren enparantzan langileentzat baldintza duinak eskatzeko.

ELA sindikatua Prekarietateari Stop kanpainan dago murgilduta eta gaur, zehazki, negozioazio kolektiboaren estatalizazioaren kontrako elkarretaratzea egin dute Zarautzen, Lege Zaharren enparantzan. "Estatalizazio hori etorri da  [Jose Luis Rodriguez] Zapaterok-eta bere garaian onartu zituzten erreformen ondorioz negoziazio kolektiboaren eremua estatura bideratzen delako. Horren eraginez, hemen patronalek bertako hitzarmenak iraungitzen utzi eta Madriletik hasi dira akordioak sinatzen CCOO eta UGT. Hemen ez dute gehiengoa, han bai, baina hemen eragina duten han sinatzen dituzte  hitzarmenek". Bertako patronala ere "joko horretan sartu" dela dio Urola Kostako ELAko Amagoia Unanuek, eta horrek arriskua dakarrela, bereziki, sektore publikoko azpikontratatuentzat.

Horri aurre egiteko, azpikontratatutako langileen lan baldintzak bermatzeko mozioa aurkeztu zuten Legebiltzarrean lehenbizi eta Zarauzko Udalean ondoren, Gasteizen onartu ez zutelako. Hiru gauza eskatu zituzten horren bidez:  batetik, subrogazioa, hau da, enpresa aldaketa egoten den kasuetan langileak bertan mantentzea bermatzea; bestetik, gertueneko hitzarmenak aplikatzea eta azkenik, hori betetzen ez duten azpikontratak zigortzea.

EH Bilduk ELAren idatzia bere eginda aurkeztu zuen mozioa maiatzean, baina ez zen aurrera atera Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) ez zuelako babestu; Irabazi Zarautzek alde bozkatu zuen. "Horrek kiroldegiko langileak—begiraleak, harrerako langileak eta sorosleak— arrisku bizian uzten ditu, urrian irtetzen direlako pleguak", nabarmendu du Urola Kostako ELAko ordezkariak. Hori dela eta, une honetan "ziurgabetasun egoeran" aurkitzen dira langile horiek, "ez dakitelako zein hitzarmen aplikatuko zaien".

Udaletik ez dutela "erantzun ofizialik" jaso dio. "Kiroldegiko langileei zein hitzarmen aplikatuko dieten jakiteko asmoarekin, bi bilera izan ditugu udal ordezkariekin, baina ez digute ezer argirik esan. Zerbitzua garestia dela eta birplanteamentu batzuk egiten ari direla. Baina ez digute helarazi hitzarmenaren inguruko informaziorik".

"Kezkatuta" daude ELAkoak eta eskatzen dute gertueneko hitzarmen onena aplikatzeko langile horiei. "Gipuzkoakoa iraungita baldin badago, enpresako hitzarmena aplikatzea eskatzen dugu. Ez dugu onartuko Espainiatik datozen akordioak hemengo beharginei aplikatzea, horrek pobrezia bakarrik dakarrelako gure artera", nabarmendu du Unanuek.

KSB Iturreko langileak ere

Kiroldegiko langileei ez ezik, KSB Itur enpresako langileei ere eragiten die egoera honek. "Estatalizazioa dela-eta, enpresatik jakinarazi diete aurrerantzean aplikazio eremua estatuko hitzarmena izango dela. Hori Gipuzkoako hitzarmenetik urrun dago, Espainian onartu denak ez duelako zerikusirik hemengoarekin". 

Protestekin jarraituko dutela aurreratu du Urola Kostako ELAko ordezkariak, eta enpresa bakoitzak "bere borrokak" izango dituela. "Ezjakintasun egoeran daude eta kezka bizia daukagu".