Abiatu dute errefuxiatuen aldeko bizikleta martxa

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 19a, 10:20

Donostian bukatuko da martxa, eta bertan elkarretaratzea eta manifestazioa izango dira ondoren.

Bihar Errefuxiatuen Nazioarteko Eguna dela-eta, Gipuzkoako Harreraren Aldeko Plataformak hainbat ekitaldi antolatu ditu gaurko. Tartean, hiru bizikleta martxa Donostiara: bat Zarauztik, beste bat Irundik eta hirugarrena Hernanitik. Martxa bakoitzari errefuxiatu kanpaleku baten izena jarri diote: Zarauzkoari Lampedusa, Irungoari Idomeni eta Hernanikoari Lesbos.

Hotz Zarautz, Zumaiako Harreraren Aldeko Taldea eta hainbat norbanako arduratu dira Zarauztik abiatu duten bizikleta martxaz, eta dozena bat lagun bildu dira kiroldegi aurrean. 10:00ak pasatxoan ekin diote Donostiarako ibilbideari. Bidean Oriotik, Usurbiletik eta Lasartetik ere pasatuko dira.

Hiru martxak Bulebarrean elkartuko dira 12:00ak aldean, eta ondoren elkarrekin hiri zirkuitua osatuko dute. 13:00etan elkarretaratzea eta manifestazioa egingo dute Donostiako Bulebarrean, errefuxatuei elkartasuna adierazteko.