ZAEk aurkeztu ditu bere bi traineruak

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 19a, 15:48

Gizonezkoak 10. postuan sailkatu ziren atzo, KAE 1 Ligako lehenbiziko estropadan. Emakumezkoek gaur jokatuko dute Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Ligako lehenbiziko jardunaldia.

Musika Plazan bildu dira aurtengo arraun denboraldiko Zarauzko protagonistak. Zarautz Arraun Elkarteak bere bi traineruak aurkeztu ditu, emakumezkoena zein gizonezkoena. Jon Artola ZAEko lehendakariak nabarmendu duenez, bi taldeak "oso gazteak" dira eta "etorkizun handia" dute. 

Angel Larrañaga gizonezkoen entrenatzaile berriak nabarmendu du "ziklo guztiz berria" dela, "arraunketan zentzu berria eman nahian". "Pare bat heldu ditugu, bizkarrezurra izango direnak, eta gazte jendea ilusioz beteta dator. Ea goraka begira jarri  eta gure tokian egonkortzen garen", adierazi du. Gaztetasunarekin sendotasuna ematea da helburua eta azpitik datozenei aukera eskaintzea pixkanaka sartzen joateko. "Guztiok elkarrekin jarraituko dugu,  aurrera begira helburuak lortzeko".

Gizonezkoek atzo hasi zuten KAE 1 Liga Deustuan, Bilbo 716. Urteurrena Banderarekin, eta 10. postuan sailkatu ziren etxekoak. "Atzo ez zen gure estropada onena izan baina nik uste dut ilusio politarekin eta gora begira jarrita gaudela". Larrañagak nabarmendu du laupabost talde goian daudela, urte batzutako proiektuarekin, eta horiei aurrea hartzea aurten kostatu egingo zaiela. "Horiek alde batera utzita, erdiko postuen bila joan behar dugu". Entrenatzailaren arabera, euren nortasuna erakutsiko dute, "arraunketa sendo batekin".

Zazpi hilabete daramatzate entrenamenduekin eta fisikoki "oso ondo" ikusten ditu entrenatzaileak ZAEko arraunlariak. "Neguko lana gogorra izan da eta orain heldu da gozatzeko unea", gaineratu du.

Emakumezkoak gaur, Hondarribian

Emakumezkoek gaur jokatuko dute Gipuzkoako Emakumezkoen Traineru Ligako lehenbiziko estropada, Hondarribian 17:00etan. Izaro Lestaio Getaria-Zarautzeko patroiak nabarmendu du taldean "Ondarroa, Getaria, Zumaia, Zarautz... denetarik" egongo dela. "Blokea mantentzen dugu. Arraunketa aldetik, guk igartzen dugu hasierako pausoa hor dugula". Neguan ezin izan dute asko landu, talde ezberdinetakoak izanda bakoitzak bereari heldu diotelako. Hala ere, ahal izan dutenean gogor entrenatu dute.

Gaurko jardunaldiari dagokionez, lehenbiziko lau postuetan sailkatzea da emakumezkoen helburua. "Iaz urruti samar genituen haiei apur bat gehiago gerturatu nahi dugu. Aurten aukera gehiago ditugu, Zumaia ez dagoelako", dio.