Iñurritzako Jai Batzordearen gutuna

Aurreko larunbatean, txakolin azokaren bueltan gertatutakoaren inguruko ikuspuntua eman dute festa batzordeko kideek.

"Kaixo denoi!

IJB Iñurritzako Jai Batzordeko kideok larunbat honetan txakolin azokan gertatutakoaren berri eman nahi dugu. Azoka hau antolatu izan dugun aurreko urteetan bezala, aurten ere azokak iraun bitartean Gipuzkoa kaleko errepidearen zati bat itxita mantentzeko eskaera egin genion udalari, goizeko 10:00etatik 15:00etara arte. Haurren marrazketa txokoa zela-eta, azokako jendea eta batzordekideok ere lanean aritzen garenez, segurtasunagatik hartu beharreko neurria dela iruditzen zaigu, ezbeharrik gerta ez dadin. Udaleak eskaera onartu zuen eta 10:00etan errepidea itxi zuten.

Gure harridurarako 10:30a aldera errepidea irekita zegoela ohartu ginen. Hori horrela, udaltzainei deitu genien zer gertatu zen jakiteko. “Goiko” batek irekitzeko eskatu ziela esan ziguten.

Zarauzko zinegotzi batek Gipuzkoa kaleko tarte horretan negozio bat dauka eta, eguraldi txarra zela eta jenderik ez zebilela-eta, udaltzainei deitu eta errepidea irekitzeko agindu zien. 12:00ak aldera, ordea, jende ugari zebilen baina errepidea ez zuten itxi.

Onartezina iruditzen zaigu jarrera hau. Hasteko, zinegotzi batek herritarren gehiengoaren onurari begiratu behar diola deritzogu eta ez norbanakoaren irabaziari. Bestalde, guk eskaera formal bat egin eta onartua izan zen. Ados ez dagoenak, lehenik guri jakinaraztea eskertuko genuke, adostasun batera iristeko. Hala nahiko ez balu, kexak modu formal batean egin behar dituela deritzogu, udaletxean aurkeztu eta datorren urtean errepidea itxi ez dadin eskaera egin. Eta larria iruditzen zaigu “goiko” batek esan duelako baimena bertan behera geratu izana. Argi geratu da Zarautzen maila ezberdinetako jendea dagoela eta eskubideak eta betebeharrak ere ez direla berak denontzat.

Gu jai batzorde bat gara, umore onean eta borondate onenarekin auzoari bizia eta nortasuna emateko asmoz jaiak antolatzea da gure xedea. Badakigu gure erabakiak ez direla guztion gustukoak eta ahalik eta arazo gutxien sortzen saiatzen gara eta horrela jarraituko dugu Iñurritzako auzokideek San Pelaioez gozatu nahi duten bitartean.

Gora San Pelayuak!!"