Mugikortasuna eta segurtasuna hobetze aldera, Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) hainbat aldaketa egin ditu herrian azken hilabeteetan. Bizkaia kalea irekitzearekin «emaitza onak» izan dituen arren, Mantzisidor eta Gipuzkoa kaleetako norabide aldaketek bestelako eragina izan dutela ikusi dute. Egoera hobetzeko, zuzenketa batzuk ari dira egiten. Herenegun hasi ziren lanekin eta nagusiak egin dituzte dagoeneko. Datorren astean zuzenketa guztiak bukatuko dituztela aurreikusita dute.
Mantzisidor kaleko norabidea mantendu egingo dute —hau da, Nafarroa kaletik beherantz— eta aparkaleku kopurua handituko dute eremu horretan, guztiak egoiliarrentzat jarriz. Mantzisidorretik Gipuzkoa kalera iristerakoan, ezkerretara hartu beharko da derrigorrez, Iñurritzaranzko norabidean. Hori da, hain zuzen, aldaketetako bat; izan ere, duela bi hilabete egin zituzten aldaketekin, Mantzisidorretik jaistean, Gipuzkoa kalean eskuinera nahiz ezkerrera jo ahal zen.
Salegi eta Gipuzkoa kaleen arteko bidegurutzean, berriz, ezkerrera zein eskuinera joan ahal izango da lanak amaitutakoan, aldaketa egin aurretik bezala, alegia. Orain, apirilean egindako zuzenketen ondorioz, ezkerretara bakarrik joan daiteke. Horrekin batera, Salegi kaletik San Frantzisko kalera ezingo da sartu ia asteburu osoan; larunbateko 13:00etatik asteleheneko 08:00ak arte itxi egingo dute.
Taxiak, San Frantziskora
Era berean, taxi geltokia Gipuzkoa kaletik San Frantzisko kalera lekualdatuko dute eta zama lanetarako gunea ere han jarriko dute. Horrez gain, espaloiko oztopoak kendu dituzte. Gipuzkoa kalean ere, Salegi eta Mantzisidor artean, zama lana gunea jarriko dute, eta zama lanen ordutegitik kanpo —larunbat eguerditik igandera arte— egoiliarrentzako gunea izango da. Halaber, Antoniano ikastetxeko haurrak eramaten dituztenentzat geldiunea egiteko tokia izango da.
Bestalde, Gipuzkoa kalean, Villa Mundatik Mantzisidor kalera doan tartean, Kale Nagusirantz doan erreian, debekatuta egongo da pasatzea, bizikleta, motor eta garajeetako jabeentzat izan ezik. Hango aparkalekuak bizikleta eta motorrentzat izango dira. Kale berean, baina Iñurritzaranzko erreia, aldiz, errotazio handikoa bihurtuko dute.
Aldaketa horien aurrean, EH Bildu udal taldeak bere ikuspuntua eman du zarauzkohitza.eus atariko komunitatean, besteak beste diote, Udal Gobernuak aurretik hartutako erabakiak «inprobisatuak» izan zirela.