Pagoeta elkarteak Kantabriara irteera antolatu du uztailaren 16-17rako

Zarauzko Hitza 2016ko eka. 29a, 12:00
Lehenbiziko egunean Lusa gailurrera igoko dira mendizaleak. (www.geocities.ws)

Lusa, Mulir eta La Muela gailurrak igoko dituzte, besteak beste, bi egunetan.

Bi eguneko irteera antolatu du mendizale elkarteak Kantabriara. Lehenbiziko egunean, hilaren 16an Lusa gailurrera (1.517 metro) igoko dira, Ason parke naturaletik, Sendero de Hondojon, Senda Bustujero, Becerril lepoa igaroz, besteak beste. 14 kilometro inguruko ibilbidea izango da, 7 ordu inguruan egitekoa.

Bigarrengo egunean, hilaren 17an ibilbide motzagoa egingo dute, 11 kilometrotakoa. Ogarriotik hasiko dira eta Mulir (845 metro) zein La Muela (802 metro) gailurretara heldu, El Esquillo mendatera doan pistati jaisteko. Irteerak 5 ordu iraungo duela aurreikusi dute antolatzaileek.

Ramales de la Victoriako aterpetxean hartuko dute ostatu, eta mendizaleek ohiko ekipajeaz gain, maindireak edota lo zakuak zein bi egunetarako mokadua eta ura eraman beharko dute.

Izena emateko beharrezkoa da federatuta egotea. Federatu gabe daudenei izapideak egingo dizkiete. Elkarteko webgunearen bidez egin daiteke eskaera edota ordezkariekin harremanetan jarri 943-132911 telefonora deituta zein pagoetame@gmail.com helbidera idatzita.

Elkarteko bazkideek hilaren 4 eta 5ean eman dezakete izena eta bazkide ez direnek, berriz, uztailaren 7an. Elkartera jo beharko da izena emateko, 20:00etatik 21:00etara. 25 urtetik beherako bazkideek 60 euro ordaindu beharko dituzte eta bazkide ez direnek 65 euro. 25 urtetik gorako bazkideek, berriz, 85 euro eta 5 euro gehiago bazkide ez direnek. 2095 5076 48 1065685215 (Kutxabank) eta 3035 0029 65 0290015562 (Laboral Kutxa) kontu korronteetan egin beharko dira ordainketak. Prezio horietan sartuta dago autobuseko joan-etorria, afaria, lotarako lekua zein gosaria.

Larunbatean 06:00etan abiatuko da autobusa, Agoueseneko biribilgunetik.