Kalerki 2016

Entzierro berezi batekin hasiko da Kalerki

Aritz Mutiozabal 2016ko uzt. 1a, 13:59
Haatik dantza taldeko kide Aiert Beobide eta Kultura zinegotzi Nekane Iribar (Aritz Mutiozabal)

Bederatzi kale ikuskizun antolatu dituzte, uztailaren 7tik 9ra

San Fermin egunean abiatuko da Zarauzko XXIII. Kale Antzerki Jaialdia, uztailaren 7an, eta estreinako emanaldiak entzierro berezi bat irudikatuko du. Madrilgo Recortauro konpainiak zezen puzgarriekin aterako da kalera, Dira, dira, zezenak dira! ikuskizunarekin. Saioa 19:00etan hasiko da, Lege Zaharren enparantzan, baina ordu erdi lehenago, Alproja taldeko kideak arduratuko dira Kalerkiren irekieraz. Inprobisazioaren bitartez, egitasmoa girotuko dute, baita ondorengo entzierroa ere. Kultura zinegotzi Nekane Iribarrek zapi gorriarekin ekitaldian parte hartzeko deia egin die herritarrei, gaur eguerdiko agerraldian.

Aurtengo jaialdia "indarrez" datorrela nabarmendu du Iribarrek. Guztira, bederatzi emanaldi antolatu dituzte, datorren ostegunetik larunbatera, Euskal Herriko nahiz kanpoko konpainien kale ikuskizunekin. Aurten, gainera, Kaleka Lekeitioko Nazioarteko Kale Antzerki jaialdiarekin elkarlanean aritu dira, eta horrek kanpoko hainbat talde herrira ekartzea ahalbidetu du. Egun bertsutan ospatzen dira Zarauzko eta Lekeitioko jaialdiak, eta datozen taldeak bietan ariko dira, baina egun ezberdinetan.

Txileko Murmuyo mimoa eta Bilboko Deabru Beltzak konpainia "klasikoak" dira Kalerkin, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Deabru Beltzak-ek 20 urte bete ditu, eta maiatzean Leioan estreinatu zuen Su a feu lana ekarriko du herrira, larunbatean. Hain justu ere, azken eguneko egitaraua Euskal Herriko taldeekin osatzea erabaki du udalak. Deabru Beltza taldeaz gain, Haatik Dantza Konpainia, Hortzmuga Teatro eta Tio Teronen Semeak izango dira.

Haatik taldeko zuzendari Aiert Beobidek ere hartu du parte gaurko aurkezpenean. Zarauzko Dama inguruan eskainiko dute Itsas lapurrak ikuskizunaren nondik norakoak azaldu ditu: "Itsas lapurren eta piraten bizimodua gaur egunera ekarri dugu dantzaren bitartez". Euskal portuetan nagusitzen zen kultur aniztasuna islatzen du dantza talderen proposamenak, folklorea eta dantza garaikidea uztartuz, zortzi dantzariren bitartez, eta eszenografia zaindu batekin. "Dantza da, baina antzerkitik ere asko du. Istorio bat kontatu nahi genuen, modu ulergarrian eta erakargarrian".

Erlazionatuak

Kalerki 2016 (egitaraua)

Zarauzko Hitza 2016 uzt 01 Zarautz