Gazte langabeei lana bilatzen laguntzeko Txertatu Merkatuan programa abiatu dute

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2016ko uzt. 11a, 10:17
Eskualdeko udal ordezkariak Txertatu Merkatuan programaren aurkezpenean (Aiora Larrañaga).

Ostiralean aurkeztu zuten Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, eta Oinarrizko Hezkuntza, DBH, Erdi Mailako Heziketa duten edo unibertsitateko ikasketak bertan behera utzi dituzten 16-29 urte bitarteko gazteei zuzendua dago. Ekimenaren bidez gazteak lan munduan murgiltzeko gaitu nahi dituzte.

Programak bi fase izango ditu. Lehenengo egokitu izeneko atala landuko dute, hori gizarteratzeko eta lan aktibaziorako laguntza prozesua da, eta parte-hartzaileek motibazioa lortzea eta autoestimua areagotzea izango du helburu.

Bigarren fasean, Trebatu atala landuko dute, eta Urola Kostan gizarte berrikuntzarako jardunak garatzeko gaitasun tailerrak egingo dituzte. Tailerren helburua da egun merkatuak baloratzen dituen gaitasunak eta trabakuntzak lantzea; horregatik, gazteen zaletasunak kontutan hartuta Urola Kostako Udal Elkarteak erabaki du marketin digitalean prestakuntza eman eta gaiarekin lotutako proiektuak garatzea. Alderdi praktikoa irabazi asmorik gabeko eta gizarte intereseko erakunde eta proiektuetan jorratuko dute gazteek.

Udal Elkarteko Enplegu Zerbitzuko teknikari Vanessa Garciaren esanetan helburua “eginez ikastea da”, eta modu horretan, gaur egun lan merkatuak baloratzen dituen gaitasunak indartu eta landuko dituzte gazteek. Gaian trabatzeko 150 orduko ikastaroa jasoko dute ikasleek marketing digitalean adituek eskainia, eta gero beste 96 ordutan ikasitakoa praktikan jarriko dute. Horretaz gain, orientazioa jasoko dute eta lana bilatzeko gaur egun dauden teknikak ikasiko dituzte.

Irailaren 26an abiatuko dute programa, eta otsailaren 10a bitartean parte-hartzaileak astelehenetik ostiralera 09:30etik 13:30era izango dituzte klasea. Urola Kostako Udal Elkarteak uztailaren 22ra bitartean zabaldu du izena emateko epea, eta aurkezten diren hautagaien artean aukeraketa irailean egingo dute, Curriculum Vitaea aztertuko dute eta elkarrizketak egingo dituzte hautagaiekin.

Txertatu Merkatuan programan parte hartu nahi dutenek Urola Kostako Udal Elkartearen egoitzan, vgarcia@urolakosta.eus helbidera idatzita edo 943-890808 telefono zenbakira deituta izena eman dezakete.