Laugarren urtez, 3×3 saskibaloiko bi txapelketa jokatuko dira malekoian, Dama inguruan. Lehenbizikoa asteburu honetan izango da, uztailaren 16an eta 17an, eta jokalari federatuei zuzenduta dago nagusiki. Bigarrenak, aldiz, izaera herrikoia du, eta abuztuaren 26an eta 27an jokatuko da. Bi hitzordu antolatzea «ohitura bezala» hartu du ZAST Zarauzko Saskibaloi Taldeak, eta, momentuz, biekin jarraitzeko asmoa dutela azaldu du ZASTeko kide Enara Zoritak. «Jendeak jada jakin badaki bi data ditugula udan, eta euren oporrak antolatzerakoan kontuan hartzen dituzte».
Asteburu honetako txapelketari 3x3 Saski Basque izena jarri diote aurten, eta Zarauzko Saskibaloi Taldeak eta Euskal Saskibaloi Federazioak antolatu dute elkarlanean. Azken urteetako eredu eta funtzionamendu bera jarraituz, zortzi joko eremutan —lau saski berezitan, eta beste lau txikiagotan— neurtuko dituzte indarrak parte-hartzaileek.
Izena emateko epea bihar bukatuko da, eta dagoeneko 130 talde pasatxo animatu direla jakitera eman du Zoritak. «Beraz, nahiko aurreikuspen onak ditugu». Bi egunetan maila ezberdinetako lehiak izango dira, bai gizonezkoetan bai emakumezkoetan; hau da, benjamin, kimu, infantil, kadete, jubenil eta seniorrenak. Horrez gain, Atzegiko jokalariak gonbidatu dituzte, eta bost taldetan banatuta, ordubeteko lehiaketa egingo dute. Larunbat arratsaldean jokatuko dute horiek, 18:00ak eta 19:00ak artean.
Beste lehiaketak
Txapelketaren harira, beste jarduera batzuk ere antolatu ohi dituzte, eta, aurten ere, hiruko saskiratzeen lehiaketa eta patata tortilla lehiaketa egingo dituzte. Aurreko urteetan klinik bat ere antolatzen zuten sona handiko entrenatzaileren batekin, baina aurten ez dute egitasmoa antolatzeko denbora izan, eta bertan behera utzi behar izan dutela jakitera eman du Zoritak.
Hirukoen lehiaketari dagokionez, sailkatze saioak egingo dituzte txapelketan zehar, eta finala igande arratsaldean jokatuko dute. Izena egunean bertan eman daiteke, euro baten truke. Patata tortillak, berriz, 11:30etik 12:00etara aurkeztu ahal izango dira igandean, eta sarituek bazkari edo afari bana lortuko dute; irabazleak, esaterako, Arzak jatetxean. Epaimahaikideen artean, aurten ere Peio Garcia Amiano gastronomia kritikaria izango da.