150.000 euroko laguntza ekintzailetza, enplegua eta lehiakortasuna bultzatzeko

Zarauzko Hitza 2016ko uzt. 15a, 13:50
Xabier Urdangarin eta Jesus Arana, aurkezpenean. (Amaia Ventas Aldabaldetreku)

Udalak emango ditu laguntzok eta Urola Kostako Udal Elkarteak kudeatuko ditu izapideak.

Ekintzailetasuna sustatu, enplegua sortu eta enpresen lehiakortasuna hobetzeko inbertsioak egiteko diru-laguntzak aurkeztu dituzte Jesus Arana Ogasun zinegotziak eta Xabier Urdangarin Urola Kostako Udal Elkarteko komunikazio arduradunak gaur eguerdian. Guztira, 150.000 euro emango ditu udalak, hiru lerrotan banatuta: batetik, enpresa proiektu berriak sustatu, ideia berriak landu eta enpresa sortzeko; bestetik, enplegua sustapena bultzatzeko lanpostuak sortzeko, eta azkenik, inbertsioetarako. 50.000na euro emango dituzte lerro bakoitzerako.

Laguntza horiek Zarauzko enpresa zein ekintzaileei emango dizkiete, eta diruz lagunduko dituzten jarduerak 2016an gauzatutakoak izango dira. "Alegia, nahiz eta orain aurkeztu, urtarrilaren 1etik egindakoak kontuan hartuko ditugu". Aranak argitu du atal ezberdinetako laguntzek lotura izan dezaketela euren artean, eta aukera badagoela diru-laguntza bateko kopurua beste atal batera pasatzeko. Lehiaketa bidez banatuko dituzte laguntzak.

Urola Kostako Udal Elkartearekin hitzarmena sinatu du udalak, diru-laguntza horiek emateko izapideak egin ditzan. "Ekonomia sustatzeko, diru-laguntzak ez dira nahikoak. Horregatik, ekintzaileen bidelagun izan nahi dugu", nabarmendu du Aranak. Gogoratu du UKUEk baliabideak badituela horretarako, eta era berean, beste diru-laguntza batzuk lortzeko ere hori dela erakunde "egokia". "Eta zer esanik ez, dituen baliabide teknikoak eta jakinduria kontuan izanda".

Ekaineko udalbatzarrean onartu zituzten diru-laguntza horien oinarriak, gehiengoz, EAJ eta PSE-EEren aldeko botoekin. Asteartean jarriko dira indarrean, astelehenean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren. Irailaren 30era arte egin daitezke eskaerak, UKUEren egoitzan. Oinarriak eta argibideak, berriz, Zarauzko Udaleko Herritarrentzako Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia, 29) zein UKUEn (Urdaneta bidea, 6) bertan aurki daitezke, eta baita zarautz.eus eta urolakosta.eus webguneetan ere.