Finantza alorrean euskara sustatzeko hitzarmena sinatu dute Uemako udalerriek, Kutxabankek eta Laboral Kutxak

Ana Abarisketa 2016ko uzt. 19a, 17:05
Nekane Iribar, Marije Etxaniz, Eduardo Ruiz de Gordejuela eta Josu Labaka (Uema).

Bost urterako sinatu dute hitzarmena, eta sinatu duten udalerrien artean dago Zarautz.

Finantza alorrean euskararen erabilera areagotzeko hitzamena sinatu dute gaur, asteartea, Kutxabankek, Laborak Kutxak eta Uemako 30 udalerrietako alkateek edo udal ordezkariek. Horien artean daude Azpeitia, Orio, Zarautz, Zestoa eta Zumaia. Zarautzen kasuan, Euskara zinegotzi Nekane Iribarrek hartu du parte ekitaldian.

Akordio horren helburua da bi finantza erakunde horietako bezeroen hizkuntza eskubideak bermatzea. “Erakunde publiko guztiek hizkuntza eskubideak bermatzeko hartu beharko lituzteketen konpromisoak ageri dira bi finantza erakunde hauekin sinatzen dugun hitzarmenean”, esan du Josu Labaka Uemako lehendakariak. “Zentzu horretan, jarrera eredugarria da”.

Sinadura ekitaldia eta agerraldia Azpeitian egin dute. Uemako lehendakariaz gain parte hartu dute ekitaldian Laboral Kutxako Komunikazio eta Publizitate departamentuko zuzendari Marije Etxanizek, Kutxabankeko Txikikazko Negozioaren zuzendari nagusi ondoko Eduardo Ruiz de Gordejuelak eta Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak. Guztiek nabarmendu dute sinatu berri duten hitzarmenaren garrantzia. Itun hori bost urterako izenpetu dute, eta asmoa da beste bost uztez luzatzea gero. Aurrerapausoak aztertzeko jarraipen batzordea ere osatuko dute.

Erakunde horiek honako neurriak hartuko dituzte, besteak beste:

  • Bulego hauetako langileek euskaraz jarduteko gai izango dira. Era berean, bulego hauetan eskaintzen dituzten zerbitzu guztietarako kontratatzen diren langile berriak, finko zein aldi baterakoak, elebidunak izango dira.
  • Bezeroari ahoz lehen hitza euskaraz egingo zaio, eta mezu elektronikoak euskaraz edo elebietan bidaliko zaio. Horrez gain, urtean ematen diren zerbitzu bereziak –errenta aitorpenaren kanpaina, esaterako– euskaraz izan daitezen, beharrezkoak diren baliabideak jarriko dira.
  • Udalerri hauetako kartelen %75 gutxienez euskaraz jarriko da.
  • 30 urte baino gutxiagoko bezeroei komunikazioak euskara hutsean bidaltzen hasiko dira, eta kontrakoa adierazten dutenei bi eletan.