«Amets bat litzateke Realarekin Europan jokatu ahal izatea»

Aritz Mutiozabal 2016ko uzt. 20a, 10:30
Yuri Berchiche futbolaria, Zubietako instalazioetako prentsa aretoan (Aritz Mutiozabal).

Denboraldiaurrean murgilduta dabil Yuri Berchiche Realeko futbol jokalari zarauztarra. Hirugarren denboraldia osatuko du aurten txuri-urdinekin, eta gogoz beteta ari da lanean, ligako lehen partidara ongi prestatuta iristeko.

Oporretatik bueltan, astebete daramazue entrenatzen. Zer-nolako motibaziorekin itzuli zarete lanera?
Gustura hartzen dugu hilabete oso bat baloia ukitu gabe eta taldekideak ikusi gabe egotea. Beraz, itzulera gogoz hartzen duzu. Hasierako egun hauek karga fisikoa hartzeko izaten da, ondoren denboraldian zehar erregai gehiago edukitzeko, eta zentzu horretan, astea nahiko erraza izaten ari da. Asteburuan Tolosaren aurka jokatu genuen lagunarteko lehen partida [0-5eko emaitzarekin irabazi zuten], eta halako partidak kilometroak hartzeko baliagarriak dira. Baita pertsonalki sentsazioak hartzeko eta talde giroa sustatzeko ere, guztion artean denboraldi polit bat osatzeko aurten.

Aurreko urteetakoa baino gogorragoa izango dela aurreikusten al duzue?
Eusebio Sacristan entrenatzailea aurreko Gabonetan iritsi zen, eta harekin osatuko dugun lehen denboraldiaurrea da. Hasiera, behintzat, ezberdina izaten ari da. Iaz Moisesekin oso gogorra izan zen, lan fisiko handia egin baikenuen, apenas baloirik erabili gabe. Aitzitik, Eusebiori baloia ukitzea gustatzen zaio eta jokalariontzat alaiagoa da dinamika horretan lan egitea.

Aste honetan ere lagunarteko beste bi partida dituzue: bata, gaur, Guardian, Logroñesen aurka, eta bestea Zarautzen, larunbatean, Vila-realen aurka.
Tolosaren aurka ez nintzen aritu, karga txiki bat neukalako zangoan, eta jokatzeko gogo handiak ditut. Larunbatean, gainera, etxean jokatuko dut, eta beti da berezia herritarren eta familiaren aurrean jokatzea. Vila-real aurkari indartsua da, Champions League-rako sailkatu baita, eta norgehiagoka ikusgarri batez gozatzeko aukera izango da. Asti zelaia jendez beteko dela iruditzen zait.

Eta ondoren kanpora ateratzekotan zarete, ezta?
Datorren astelehenean Herbehereetara goaz astebeterako, eta lagunarteko hiru partida jokatuko ditugu nahiko jarraian, bertako lehen mailako taldeen aurka. Ondoren, Ingalaterrara bidaiatuko dugu, beste bi norgehiagoka jokatzera: horietako bat Aitor Karankak gidatzen duen Middlesbrough taldea izango da. Alde horretatik, aurten askoz hobeto planifikatu dute. Iaz Txinara joan ginen, eta halako bidaia luzeak ez dira batere onak jokalariontzat. Aldaketa horiek nabaritu egiten ditugu, eta eskertzen dugu gertuago dauden herrialdeetara joatea.

Nahiko partida zorrotzak izango direla dirudite.
Halaxe izango dira. Guk geuk ere nahiago dugu horrela: aurkariak zorrotzagoak badira, guretzat ere partida konplexuagoak izango dira, eta hori eskertuko dugu ondoren ligan zehar. Askoz ere prestatuago iritsiko gara.

Momentuz, fitxaje askorik ez du egin Realak. Harrobiaren eta taldean zaudeten jokalarien aldeko apustua egitekoa dela uste duzue?
Juanmi fitxatu dute, Espainiako selekzioarekin aritu dena, eta horrek ongi hitz egiten du Realari buruz, baita hari buruz ere. Fitxaje ona da. Gero, jakin badakigu Realaren filosofia zein den: harrobiko jokalarienganako konfiantza dago. Adibidez, beheko taldeko hiruzpalau jokalari ari dira gurekin entrenatzen orain.  Eusebio Bartzelonatik dator eta Bartzelonan harrobia oso kontuan hartzen da. Talde ona dugu eta gauza politak lor ditzakegu. Hala ere, hasieratik heldu behar diogu serio, ongi prestatuta iristeko ligako lehen partidara.

Zuri dagokizunez, urte hasieran kontratua berritu zenuen 2020ra arte. Realak zuganako duen konfiantzaren seinale?
Bai, hala da. Klubari eskerrak eman behar dizkiot nigan jarritako konfiantzagatik. Oso pozik nago hemen. Azken finean, nire familia hemengoa da, baita nire bikotekidea ere, eta hemen baino hobeto ez naiz beste inon egongo. Klubaren proiektua gustuko dut, eta urtetik urtera gauzak hobeto egiten direla iruditzen zait. Gainera, taldea jokalari onez osatuta dago. Hori dela-eta, bertan jarraitzea erabaki dut.

Ingalaterran aritu zinen duela urte batzuk, eta ondoren, Bigarren B mailako hainbat taldetan. Eibarrekin igoera bikoitza lortuta, eta jarraian Realarekin lehen mailan jokatzen hasita, jokalari gisa jauzi handia eman zenuela esango al zenuke?
Uste dut batzuetan atzera pauso bat eman behar dela gauzak hobetzeko. Pertsonalki, ez ziren urte errazak izan niretzako, eta burua ez neukan eduki behar nuen tokian. Konfiantza ere ez zen berdina. Niretzako Gaizka Garitanoren laguntza oso handia izan zen. Realarekin batera, apustu handia egin baitzuen hark nigan, Eibarrera lagata joan nedin. Azkenean, futbolean zugan sinesten duen entrenatzaile bat izan behar duzu. Horrek motibatu egiten zaitu, eta gauzak hobeto egiten dituzu. Egun batean ilusioa galdu nuen, eta hari esker berreskuratu nuen. Asko zor diot. Horrez gain, beste gauza batzuek ere ongi atera behar dute, eta Eibarrekin bizitako urte horiek amets bat bezalakoak izan ziren: klub gutxik lortu dute Bigarren B mailatik Lehen mailara igotzea bi urtetan.

Eta Eusebiorekin zer moduz moldatzen zara? Hasierako hamaikakoan ikusiko al zaitugu?
Nik uste dut baietz. Iaz Eusebio etorri zenean hasi nintzen jokatzen; aurretik, Moisesekin ez nuen jokatzen. Entrenatzaile bakoitza mundu bat da, eta Eusebio etorri zenean, ongi jokatzen hasi nintzen eta horregatik berritu zidaten kontratua. Uste dut Eusebiok eragina izan zuela horretan. Entrenatzaile batek zugan konfiatzen badu, zelai barruan gauzak bakarrik ateratzen dira. Ilusio handia dut, eta nire helburua da ahalik eta gehien jokatzea.

Iaz gorabeherak izan zituen taldeak, entrenatzaileen joan-etorriak tarteko. Liga amaiera aldera itxura hobea eman zuen, 9. postuan bukatuz. Hori kontuan izanda, itxaropentsu al zaudete datorren ligari begira?
Entrenatzaile bakoitzak bere filosofia eta lan metodologia du, eta uste dut Eusebioren sistema hobeto egokitzen dela taldera. Horrekin ez dut esan nahi bata bestea baino hobea denik. Iaz partida onak jokatu genituen; esaterako, Sevillaren aurka irabazi genuen etxetik kanpo, Bartzelonaren aurka ere bai, Real Madrilen aurka oso ongi aritu ginen Santiago Bernabeun... Sentsazio onak ditugu, baina konstanteagoak eta erregularragoak izan behar dugu. Azken finean, horrek kokatzen zaitu sailkapenarean goiko postuetan.

Ligako lehen partida Real Madrilen aurka egokitu zaizue, Anoetan. Zorte ona ala txarra da hori?
Nik nahiago dut horrela. Gainera, haiek ez dira fisikoki ehuneko ehunean egongo. Gero eta denbora gehiago pasatu, taldea trinkogoa da eta jokalariak ere eginagoak daude taldearen jokamoldera. Horregatik, iruditzen zait egokiagoa dela ligako lehen partida haien aurka jokatzea, eta, gainera, etxean. Uste dut ongi iritsiko garela hitzordura.

Anoeta gotorleku bihurtu da talde handientzako azken urteetan. Ez da erraza bihurtu zuen aurka irabaztea etxean.
Bartzelonak zazpi urte daramatza Anoetan irabazi gabe, esaterako. Real Madrilen bisita izan genuenean liga jokatzen ari ziren, eta gure aurka gola sartu zutenean final bat bailitzan ospatu zuten. Izan ere, jakin badakite gure aurka Anoetan jokatzea ez dela batere  erraza beraientzat. Aurten, hala ere, iaz baino efikazagoak izan behar dugu etxean.

Aurten Europan sailkatzea al duzue helburu?
Taldea Europara joateko modukoa dela esango nuke, jokalari oso onak ditugulako. Baina gure helburua, oraintxe bertan, denboraldiaurrean ongi prestatzea da. Bederatzi partida geratzen zaizkigu liga hasi aurretik, eta partida horiek ongi jokatu nahi ditugu, Real Madrilen aurkako lehiara fisikoki ongi iristeko eta haiei gauzak zail jartzeko. Hortik aurrera, ikusiko dugu nola iristen garen Gabonetara, eta orduan zehaztuko ditugu benetako helburuak.

Espainiako liga dagoenen potenteenetako bat da. Gero eta zailagoa al da hor goian dauden bizphiru talde horiei itzala egitea?
Ezin da, ezin da. Azken urteetan borroka horretan sartu da Atletico Madril, Diego Simeone entrenatzailearekin, baina haiei ere asko kostatzen zaie. Horrez gain, diru kontutan sekulako aldea dago, lehen bi taldeen aurrekontua ikusi besterik ez baitago. Diferentzia hori bistakoa da.

Pertsonalki, minutu gehiago izan eta gehiago jokatu nahiko zenuke, baina zer gehiago lortu nahiko zenuke Realarekin?
Ligako partida guztiak jokatu nahiko nituzke, eta ongi jokatu, konfiantzarekin, eta batez ere zelai barruan gozatuz. Hori da niretzako garratzitsuena. Askotan haserre itzultzen naiz etxera, kosta egiten zaidalako zelaian gozatzea. Bestalde, Europara sailkatuko bagina, amets bat izango litzateke taldearekin txapelketa hori jokatzea. Taldekide batzuk jokatu dute, baina nik ez dut aukera hori izan oraindik.

Erlazionatuak