Udalak 150.000 euroko laguntza emango dio ZKEri

Aritz Mutiozabal 2016ko uzt. 21a, 16:53
Esteban Collantes, Xabier Txurruka eta Iban San Martin, atzoko lankidetza hitzarmenaren sinadura ekitaldian (Aritz Mutiozabal).

Lizardi institutuko pista estaltzeko oinarrizko proiektua “urtea amaitu aurretik” prest izango dela jakitera eman zuen Xabier Txurruka alkateak.

Zarauzko Udalak eta Zarautz Kirol Elkarteak urteko lankidetza hitzarmena sinatu zuten atzo arratsaldean. Hitzarmenaren bitartez, udalak 150.000 euroko diru laguntza emango dio ZKEri, kirol jarduera nahiz partaidetza sustatu eta kirol ekitaldien antolaketan laguntzeko. Iaz baino %20 jasoko du, eta Esteban Collantesek modu positiboan baloratu zuen: "Udalak egiten duen apustua handia da, eta ZKEko atal guztiak oso pozik jaso dute albistea. Egia esan, ezin hobeto datorkigu gure kirol jarduerak aurrera eramateko".

ZKE herri-onurako eta irabazi asmorik gabeko kirol erakundea da, eta egun 11 kirol atalez osatuta dago, milatik gora lizentziarekin. Xabier Txurruka alkateak nabarmendu zuen “erreferentziazko kirol elkartea" dela herrian, eta udalaren babes osoa duela. "Izan ere, antolatzen dituen jarduera guztiak interesgarriak dira herriarentzako”.

Udal Gobernuak (EAJ eta PSE-EE) elkartea eta kirola bultzatzeko duen konpromisoa azpimarratu zuen alkateak, eta ZKErekin sinatutako hitzarmena horren adibide dela. Era berean, Zarauzko elkarteek azken urteetan Udalaren aldetik atzeratuak zituzten diru-laguntzak eguneratzen ari dela adierazi zuen.

Lizardiko pista

Txurrukak aurreratu zuenez, Lizardi institutuko pista estaltzeko oinarrizko proiektua “urtea amaitu aurretik” prest izango dute. Hain justu ere, asteazkenean egokitu zioten Javier Korta arkitektoari oinarrizko proiektua idazteko ardura. “Honela, lehen urratsa emango dugu talde ezberdinek entrenatzeko espazio berri bat izan dezaten, kirol elkarteak hainbat alditan eskatu digun beharrari erantzuna emanez”, azaldu zuen alkateak.

Erabiltzen dituzten instalazioak txiki geratu zaizkiela jakitera eman zuen ZKEko presidenteak, eta, alde horretatik, Lizardiko pista estaltzea berri "garrantzitsua" dela azpimarratu zuen. "Saskibaloiko, eskubaloiko eta areto futboleko taldeek beste gune bat izango dute entrenatzeko, eta horrek haien egoera lasaituko du".

Era berean, Astiko kirolgunea hobetzeko obrak abuztuan hasiko direla iragarri zuen Txurrukak. Zortzi enpresa aurkeztu dira lan horiek burutzeko lehiaketara, eta aste honetan erabakiko dute nork egingo dituen. Argindar transformazio zentro berrirako proiektua ere esku artean dauka Udalak, eta udazkenean esleituko dituzte obrak. Bestalde, Aritzbatalde kiroldegiko gimnasioko berrikuntzak ekarri zituen gogora alkateak, baita igerilekuak hobetzeko egiten ari diren lanak ere.