Gaur abiatuko da Zarauzko Gazte Martxa, herriko gazteak elkartzeko asmoz

Maitane Subijana 2016ko uzt. 22a, 08:00

Asteburu oso bat pasatzeko ibilaldia antolatu dute gaur hasi eta igandera bitartean. Martxan gazteak elkar ezagutu eta «ederki pasatzeko» ekintza desberdinak antolatu dituzte

Asteburu honetan hiru egunetarako plana prestatu dute Zarauzko hainbat gaztek, Esnatu, lokarriyak lotu, ta gozatu lelo hartuta egingo dute Gazte Martxa. Gaur Zarautzetik abiatuko dira arratsaldeko laurak aldera, eta kostari jarraituz, Getaria pasatu eta Zumaiara bitarteko ibilbidea egingo dute. Larunbatean, berriz, Debara iritsiko dira bazkaritarako. Igandean, martxaren azken egunean, Mutrikura arteko bidea egingo dute, hori baitute helmuga. Gainera, nahi duen orok festarako aukera izango du martxaren azken egunean Mutrikuko Madalenak jaietan.

Martxa antolatzen dabiltzan gazteek azaldu dute ibilaldia egiteko ideia herrian gazteak elkartzeko dagoen gabeziatik sortu zaiela: «Zarautzen ez dago gazte mugimendua, edo hilda dago urte batzuetatik beherakoen artean, bakoitzak bere lagun taldea du. Festa jakin batzuetan soilik elkartzen gara eta urteko beste egunetan ez dugu elkarrekin ezer egiten, bakoitzak bere modura funtzionatzen du, eta ez dago elkargunerik». Azken batean, Gazte Martxa «gazteak batu, elkar ezagutu eta primeran pasatzeko aitzakia bat» dela azaldu dute.


Ekintza desberdinak

Oinezko ibilaldian zehar elkar ezagutzeko ekintzak egingo dituzte: jolasak, hizketaldiak eta kantaldiak, besteak beste. Ekintza batzuk aurrez prestatuta eramango dituzten arren, unean sortzen direnei ere garrantzia eman nahi diete. Azkenean, lehen aldia dela kontuan izanda, une oro «momentura egokitzen» joango direla azpimarratu dute.  

Joan den ostiralerako, hilaren 15erako, martxa antolatzeko bilera deialdia egin zuten, eta 15-20 bat gazte bildu ziren. Bertan jabetu ziren jendea falta zela janaria erosteko, furgoneta eramateko, ekintzak prestatzeko... Orduan, gazteek, boluntarioki, ardurak hartu zituzten.

Furgoneta bidelagun izango dute martxan parte hartuko duten gazteek  janaria eta beharrezko materialak eramateko, eta txandak egingo dituzte sukaldari eta furgoneta gidari lanetan aritzeko.

Oraingoz, 30-40 gazte inguru animatu dira parte hartzeko eta kopuruarekin «pozik» daude. Dena den Gazte Martxa egin nahi dutenak garaiz dabiltza oraindik, izena eman daiteke Facebook bidez edo zarauzkogaztemartxa@gmail.com helbidera mezu bat bidalita.

Aurten «ondo pasatzen» badute, datozen urteetan berriz egitea posible dela esan dute.