Zabaldu dute Georges Mélièsen inguruko erakusketa

Zarauzko Hitza 2016ko uzt. 26a, 14:47

Abuztuaren 31era arte izango da ikusgai, egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 23:00etara.

Gaur zabaldu dute Hasi da ikuskizuna. Georges Méliès eta 1900eko zinema erakusketa ibiltaria.  Antzezle, antzerki zuzendari, mago, marrazkilari eta zinemagile frantsesari buruzko atzera begirakoa da, eta  haren eskutik XX. mende hasieran zinemak izan zuen bilakaera jaso dute bertan. Hain zuzen, Méliès izan zen zinema ikuskizuna sortu zuena, 1931ean Louis Lumièrek aitortu zuen bezala. "Nik sortu dut zinematografoa, baina zu izan zara ikuskizun zinematografikoa deskubritu duzuna. Istorioak kontatu dituen lehenbizikoa izan zara".

Istorioak kontatu, zientzia-fikzioa bultzatu eta jendea kulturizatu zein entretenitzea izan zen Mélièsen ekarpena. 1891ean erosi zion Robert William Paul enpresa gizonari zinematografo bat—Lumière anaiek sortu zuten, baina ez zioten saldu nahi izan, filmen modak urtebete iraungo zuela argudiatuz—. 1896ean sortu zuen bere lehenbiziko filma, Une partie de cartes (Karta partida bat) eta hortik aurrera, 500 filmetik gora ekoitzi, sortu eta banatu zituen, 1912ra bitartean. Le voyage dans la Lune (Ilargira bidaia) izan zen haren lan ezagunenetariko bat.

Urte horietan, besteak beste, estudio bat eta ekoiztetxe bat ere sortu zituen, Star Film izenekoa. 1913ean, lan andanari ezin erantzunda eta berrikuntza teknikoei aurrea hartu ezinik, gainbehera izan zuen eta bere lan guztiak erre zituen. 1926an Ciné- Journal aldizkariko zuzendariak Montparnasseko jostailu dendan lanean ikusi eta haren irudia birgaitzeko beharra ikusi zuen. 1931ean Ohorezko Legioa jaso zuen, zinemari egindako ekarpena aitortuz.

Haren ibilbidea jaso dute erakusketa berritzailean, eta baita garai hartako XX. mende hasierako giroa ere. Itsas pasealekuan, Duke Enearen parean atondu duten 200 metro koadroko gunean ikusgai daude argazkiak, maketak, objektuak, film zatiak eta bestelako materiala. La Caixako Gizarte Ekintzak antolatu du, La Cinémathèque FranÇaise erakundeak lagunduta eta Zarauzko Udalak babestuta. Abuztuaren 31era arte izango da ikusgai, egunero, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 23:00etara. Bisita gidatuak ere eskainiko dituzte, egunero, 12:00etan eta 19:00etan.