Gomez, Lizaso eta Paredes omentzeko bazkaria

Zarauzko Hitza 2016ko uzt. 27a, 10:30

Jokalariek eurek ezustekoa eman zieten Zarauzko klubean berariekin ibilitako guztiei, eskerrak emateko testu bat irakurriz eta aurreskua dantzatuz.

Superligako txapeldun Laura Gomez, Maite Lizaso eta Irene Paredes futbolariak omentzeko bazkaria egin zuten larunbatean, Kulixka jatetxean. Lizasok eta Paredesek aurten erdietsi dute garaipena Athletikekin, eta Gomezek duela urte batzuk Bartzelonarekin; egun futbola utzita du. Paredesek ezin izan zuen bertaratu, Parisen dagoelako; Paris Saint Germain taldeak fitxatu du eta astelehen honetan hasten zen entrenatzen.

Bazkarian hainbat belaunalditako jokalarik hartu zuten parte, baita haien garaiko zuzendaritzako kide, entrenatzaile eta laguntzaileak ere. Hasierako helburua hiru jokalariak omentzea baldin bazen ere, jokalariek eurek ezustekoa eman zieten, Zarauzko klubean berariekin ibilitako guztiei eskerrak emanez.

Bazkaltzen hasi aurretik Lizasok testu bat irakurri zuen, hiruen izenean. "Argi dugu, hau dena [lortutako garaipenak] ez zela posible izango duela urte batzuk lagun talde batek egindako esfortzu eta borroka izan ez balitz", adierazi zuen. Eskerrak eman zizkieten zuzendaritzari, babesleei, jokalariei eta urte guzti haietako entrenatzaile Agustin Mujika Belmonteri, "futbola emakumeen gauza ere badela erakustegatik". Eta bereziki, "arratsalde batean Lizardi Institutuan bildu zen lagun talde horri, gure ametsak egi bihurtzeagatik". Ondoren, aurreskua dantzatu zuten Lizasok eta Gomezek.

Bazkalostean, Oiartzungo jokalari Marina Agouesek Paredesek bidalitako testua irakurri zuen, eta Belmontek bere garaian idatzi zuen agur bertsoa boya zuen.