Udal ordezkariek harrera egin diete Saharako eta Ukraniako haurrei

Zarauzko Hitza 2016ko uzt. 28a, 18:25

Duela hilabete inguru heldu dira udalerrira eta bertan pasatuko dituzte udako hilabeteak.

Aurten, Saharako 6 haur eta Ukraniako beste bi izango dira Zarautzen uda pasatzen. Orain dela aste batzuk heldu ziren udalerrira, Saharautz eta Txernobilen Lagunak elkarteen eskutik. Elkarte horien lana aitortu dute Xabier Txurruka alkateak eta Pablo Garcia Kooperazioko zinegotziak, gaur arratsaldean itsas pasealekuan egin dieten harreran. Txurrukak gogoratu du zeinen garrantzitsua den bi herrialde horietako haurrentzat uda beste nonbait pasatzea: batzuentzat, "desertu gogorretik" ateratzeko, eta bestetik, Txernobyleko ondorio erradiaktiboen eraginetik urruntzeko. Haiek hartzen dituzten familiei ere eskerrak eman dizkie, haur horiek "hain ondo tratatu eta maitatzeagatik". 

Garciak ere familien zein elkarteen inplikazioa txalotu du, eta ongi pasatzeko opatu die umeei. Elastiko bana eman diete haurrei ekitaldiaren bukaeran.