'Toldotxo' pintxoa sortu dute, herriko itsasertza oinarri hartuta

Aritz Mutiozabal 2016ko uzt. 29a, 13:14

Zarauzko ikur gastronomikoa izan nahi duen pintxoa aurkeztu dute gaur goizean, Argiñano jatetxearen kanpoaldean. Herriko ostalaritza eta merkataritza dinamizatze aldera, udalak bultzatutako proiektua da, Zurekin ostalari elkartearen eta Argiñano jatetxearen laguntzarekin.

"Kalitatezko pintxo edo plater bat izatea nahi genuen, Zarauzko herriaren pareko", nabarmendu du Turismo zinegotzi Ixidor Larrañagak. Horretarako, Argiñano jatetxearekin harremanetan jarri dira, eta Karlos Argiñano sukaldariak berak diseinatu du musu-truk. Legatzarekin eginiko pintxo berezi bat da, baina Larrañagaren esanetan, "ukitu zarauztarra" du, "jatekoa duen hondarra" duelako.

Pintxoaren osagai nagusia legatz frijitua da. Patatazko oinarri baten gainean doa, eta bere inguruan, ogi eta urdaiazpiko iberiko birrindua du, hodar hori irudikatuko lukeena. Legatzak ali-oli saltsa suabea darama gainaldean, eta piper berde zinta batzuk alboetan, hondartzako toldoen itxura emateko.

Karlos Argiñano bere semearekin eta jatetxeko beste sukaldariekin lanean aritu da "pintxo egokiena" aurkitu nahian: "Iruditzen zait oso pintxo txukuna dela: erraza egiteko eta oso gozoa jateko. Nolabait ere, itsasertzeko ideia ongi jasotzen du". Erronkari "poz handiz" heldu diola aditzera eman du sukaldariak: "Pintxo asko daude, denetarikoak, baina guztien gustukoa sortu dugu. Inork ez dio muzin egiten legatzari, urdaiazpikoari, ali-oli saltsari eta piper berde gozo batzuei".

 

Dastatzeko moduan

Pintxoa asteburu honetatik aurrera dastatzeko aukera izango da, 2,5 euroan, Zurekin elkarteko hainbat tabernetan, eta urte osorako izateko asmoa du. Tabernetan pintxoa salgai jartzeko, ostalariek show cooking ikastaroa egin dute edo egiten ari dira Aiala sukaldaritza eskolan. "Derrigorrezkoa izango da pintxoa egiten ikastea ikastaroa honen bitartez. Baimen moduko bat da, eta plaka bereizgarri emango diegu hori adierazten duena", jakitera eman du Turismo zinegotziak. Horren haritik, tabernek pintxoa gutxieneko kalitatean eskaintzen ez badute, baimena kenduko dietela gaineratu du.

Argiñanok azaldu du asko gustatuko litzaiokeela hemendik urte batzuetara Txoldotxo herriko taberna guztietan ikustea, "bere banderatxoarekin eta gogoz eginda". Horrekin batera, bi modutara jab¡n daitekeela gogorarazi du: ondo ala gaizki. "Eta pintxo hau ongi jateko pentsatuta dago".

Larrañagaren esanetan, "Zarautz hondartzarekin identifikatzen du jendeak. Orain, hondartza horren pusketa txiki bat jateko aukera izango da. Hala, marka bat sortu dugu, jendea herrira erakartzeko, eta bide batez herriko merkataritzan nahizostalaritzan kontsumitzeko asmoarekin".