Astelehenean hasiko dira Astiko gimnasioa eta aldagela berriak eraikitzen

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 2a, 13:00

Campezo S.A. enpresak egingo ditu obrak, eta aurrekontua 966.872,59 eurokoa izango da.

Aurreikuspenen arabera, 2017ko lehen hilabeteetarako prest izango da Astiko gimnasioa eta aldagela berrien eraikina. Zarauzko Udalak egin du dagoeneko esleipena: Campezo S.A. enpresa arduratuko da lanak egiteaz. Datorren abuztuaren 8an, astelehenean hasiko dira lanekin eta  20 aste iraungo dute. Horretarako, 966.872,59 euroko aurrekontua (BEZ barne) baliatuko dute, "aurtengo inbertsiorik handiena".

Iban San Martin Kirol eta Zerbitzuetako zinegotziaren arabera, instalazio berriekin, "bereziki, errugbi eta futboleko taldeei entrenatzeko egoera nabarmen hobetuko zaie". Hain zuzen, errugbi zelaiaren ondoan dagoen aldagelen eraikina handituko dute. Egungo eraikinaren eraikigarritasun fisikoa 220 metro koadrokoa da, eta 1982an eraiki zuten. "Asti kirolgunearen eta Zarauzko kirol beharrak aztertzen aritu gara eta egindako gogoetaren ondorioz, aldagela gehiago egitea ezinbestekoa zela ondorioztatu genuen", nabarmendu du San Martinek.

Martxoan onartu zuen Tokiko Gobernu Batzordeak Astiko eraikinak hobetu eta handitzeko Plan Berezia, eta ondoren behin betiko onartu zuen Zarauzko Udalbatzak. IHG arkitektura estudioak idatzi du proiektu berria eta 1.200 metro koadroko ekipamendua aurreikusi du. Horrek bere barruan hartuko du errugbiko eraikinaren ondoan dagoen biomasako eraikina. "Eremu osorako zerbitzuen eskaerari erantzungo die obrak", zehaztu du Kirol eta Zerbitzuetako zinegotziak.

Harmailak estali eta energia doitu

Kirolguneak 39.566 metro koadro ditu, eta bi futbol zelai handi, bi txiki eta errugbi zeilaia hartzen ditu bere barruan, kirol zelai horien zerbitzurako lau eraikinez gain. Aldagelen eta gimnasioaren eraikina egiteaz gain, Udal Gobernuak beste hainbat hobekuntza aurreikusi ditu. Hain zuzen,  harmailak estali eta transformazio zentro berri bat jartzeko asmoa dauka. San Martinek adierazi duenez, proiektu ezberdinetan banatu dituzte obra horiek guztiak.

Argindarraren transformazio instalazio berria udazkenean esleituko dutela aurreikusi dute, aldagelen eraikin berria martxan denean. Kirol eta Zerbitzuetako zinegotziak azaldu du horren beharra: "Astirako kontratatuta dagoen irteera potentziala elektrikoa eskas samarra da, 90 kilowattekoa, eta instalatutakoa, berriz, 145 kilowattekoa. Esleitutako potentzia hori txikiegia da eremuak behar duen energia elektrikoko hornidurarako: kiroletako eraikin eta zelaiak, argiteria publikoa... Kontuan izanda egungo beharrak, epe laburrera egongo direnak eta etorkizunean egon daitezkeenak, epe ertainera, beharrak asetzeko 300 kilowatt inguruko potentzia kontratatu beharko da". Horretarako, transformazio instalazioa eraikitzea "beharrezkoa" da, eta Udal Gobernuak esku artean du dagoeneko proiektua. 

Udal Gobernuak 1.340.000 euro aurreikusi ditu Astiko kirolgunea hobetzeko, 2051-2019 Agintaldirako Planaren barruan. Beste erakundeekin harremanetan jarri da eta aldundiak 300.000 euro jarriko ditu lan horietarako, eta Gipuzkoako Futbol Federazioak 120.000 euro eman ditu Astin inbertitzeko.