Zazpi egun, hamaika aukera

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 3a, 12:36


Aurten estreinakoz Aste Nagusia ospatuko da Zarautzen, abuztuaren 13tik 21era. Ohiko ekitaldi «arrakastasuez» gain, berrikuntzak ere izango dira, tartean, Los Secretosen kontzertua.

Abuztuko festak biziberritzeko asmoarekin, aurten amabirjinei —orain arte  abuztuaren 14tik 16ra ospatu izan dira— bultzada eman eta jaiak astebetez luzatzea erabaki du Zarauzko Udalak. Hala, hilaren 13tik 21era Aste Nagusia ospatuko da udalerrian, lehenbiziko aldiz. Eta jaiak indartzea denez helburua, egitarau oparoa prestatu dute asmo horrekin.

Zentzu horretan, «arrakasta izan ohi duten» ekitaldiak mantentzeaz gain, beste hainbat berrikuntza ere gehitu dizkiote ospakizunen zerrendari. Modu horretan, denetarik izango da zazpi egunetan: kirol jardunaldiak; askotariko dantza eta musika emanaldiak; su artifizialak eta Desioak sutan Sahararentzat elkartasun jaialdia eta bestelakoak.  

Berrikuntzen artean, Los Secretosen kontzertua nabarmendu du Ixidor Larrañaga Turismo eta Ekitaldi eta Jaietako zinegotziak. «Zarautzek bisitari jakinak erakartzen ditu berezko ezaugarriengatik, surfagatik, esaterako. Beste adinetako bisitariak ere erakartze aldera antolatu dugu kontzertua, pizgarri moduan», adierazi du. Cadena 100 irrati katearen eskutik etorriko da talde hori hilaren 18an, eta sarrera irekia izango da. Ekitaldiak banatze aldera, itsas pasealekuan, Dama parean atonduko duten oholtzan eskainiko du boskoteak emanaldia.

Oholtza hori aprobetxatuz, beste hainbat kultur ekitaldi ere egingo dituzte gune horretan. Besteak beste, lehenbiziko aldiz Zarautz Uda Music Festival antolatu dute larunbaterako, hilaren 20rako.  Mikel Unzurrunzaga Makala-k bultzatu du, eta lau kontzertu izango dira, arratsaldean hasi eta gauera arte.
Aurreko egunean, abuztuaren 19an, berriz, Garden musika eta dantza jaialdia izango da, Alos Quartet, Oreka TX eta Aukeran taldeen eskutik, eta Demode Quartet hilaren 16an.

Suak eta desioak
«Jende ugari erakartzen» dutenez, aurten bi egunetan izango dira su artifizialak, Ama Birjinaren lehenbiziko eta bigarren egunetan, hilaren 15ean zein 16an, hurrenez hurren. Iaz etorritako su etxearen eskutik izango dira bi egunetan, Ricardo Caballer enpresaren eskutik, hain zuzen.

Suzko jaialdiekin batera, bestelako bat ere izango da aurten ere, kasu honetan, elkartasunezkoa. Laugarren urtez jarraian,  su bola ugari botako dituzte zerura hilaren 17an, asteazkenean, Sahararen alde.

Arraun festa
Kirolak ere izango du tartea Zarauzko Aste Nagusian. Zarauzko estropadak erreferentzia moduan izaten dituzte arraun taldeek, eta aurtengoan ere arraun ikuskizun polita ikusteko aukera izango da Zarauzko uretan. Abuztuaren 13an eta 14an, Euskotren eta San Miguel ligetako estropadak jokatuko dituzte, eta emakumezkoen eta gizonezkoen artean azkarrenak direnek Zarauzko VIII. Ikurrina eta Zarauzko XXXIX. Ikurrina irabaziko dituzte hurrenez hurren.

Abuztuaren 15ean, Ama Birjinaren Egunean, berriz, KAE 1 ligako arraun taldeek izango dute hitzordua Zarautzen.

Herritarrek zein bisitariek lehia bertatik bertara jarraitzeko, estropadetako gune ludikoa atonduko dute malekoian, hilaren 13an. Bertan pantaila handi bat ipiniko dute, eta pintxoak zein haurrentzako jolasak ere izango dira.