Aurkeztu dute Zarautz Hiria Torneoa

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 3a, 13:00

Abuztuaren 17an, 19an eta 21ean jokatuko dute, Aritzbatalde pilotalekuan.

Gaur goizean aurkeztu dute esku pilotako Zarautz Hiria Torneoa, Argiñano jatetxeko terrazan. Bertan izan dira Aspe eta Asegarce enpresetako ordezkariak, Inaxio Errandonea eta Rafa Etxeberria, Xabier Txurruka alkatea eta lehian parte hartuko duten pilotarietako batzuk. Josetxo Lizartza kazetariak eman ditu argibideak: bi finalerdi—bata Asegarceko pilotarien artean eta bestea Aspekoen artean—eta finala jokatuko dituzte Aritzbatalde pilotalekuan.

Lehenbiziko finalaurrekoa hilaren 17an izango da, 17:00etan, Asegarceko Olaizola II.a-Untoria eta Urrutikoetxea-Albisuren artean. Abuztuaren 19an jokatuko dute bigarren finalerdia Aspeko pilotariek: Irribarria-Merino II.a eta Altuna III.a-Zabaleta bikoteek, hain zuzen. Ordu berean izango da. Finala, berriz, abuztuaren 21ean jokatuko dute.

Errandoneak adierazi du txapelketak "arrakasta" izango duela, eta bereziki, Irribarria-Merino II.a eta Altuna III.a-Zabaletaren arteko partida "oso erakargarria" izango dela aurreratu du. "Goi mailako bi bikote dira". Gogoratu du finalean, Elezkano II.ak lehenbiziko aldiz jokatuko duela Asperekin, eta espero duela etorkizunean "pilotari garrantzitsua" izatea.

Asegarceko ordezkariak nabarmendu du Olaizola II.a-Untoria eta Urrutikoetxea-Albisu "une honetan sasoi gehien duten bikoteak" direla. "Onenak ekarri ditugu, ea partida onak izaten diren".

Horiez gain, beste bina partida ere jokatuko dituzte egun bakoitzean: hilaren 17an, Retegi Bi-Irusta eta Artola-Ibai Zabalaren artean bata, eta Elordi-Martija eta Laso- Imazen artean bestea; hilaren 19an, Arretxe II.a-Ladis Galarza eta Jaka-Tolosaren artean bata, eta Agirre-Iturriaga eta Dario-Merinoren artean bestea, eta finalaren egunean, berriz, Elezkano II.a-Tolosa eta Artola-Aretxabaletaren artean bata, eta bestea, Arteaga II.a-Imaz eta Ugalde-Cecilio artean bestea.

Txapelketarako pilota loteen zozketa ere egin dute aurkezpenean.

Indarberrituta

Aurtengo norgehiagoka indartuta dator. Aurreko urteetako gainbeheraren ondoren—2012an partida bakarra izan zen eta 2013ean ez zen jokatu—, aurten bultzada eman eta hiru egunetan jokatuko dituzte partidak. Errandoneak zein Etxeberriak eskerrak eman dizkiote Zarauzko Udalari txapelketa indartzeko egindako elkarlanagatik. "Ea garai bateko disdira hartzen duen plaza oso goxoa delako", nabarmendu du Aspeko ordezkariak. Etxeberriak, bere aldetik, Zarautz Hiria torneoak joera horrekin jarraitzea espero duela aitortu du.

Zarauzko alkateak adierazi du udalak "gustu handiz" hartu duela aurtengo proposamena, eta asmoa dela "etorkizunean ere pilotarekiko konpromiso hau mantentzea". "Bere garaian disdiratsua izan zen Zarautz Hiria torneoa, eta Aritzbatalde pilotalekuari dagokion maila berreskuratzeko, sendo nahi dugu mantendu apustu hau". Gogoratu du Aste Nagusiaren barruan jokatuko dutela torneoa, eta finala baino "itxiera hoberik" ez dutela topatu festei amaiera emateko.

Sarrerak

Sarrerak leihatilan erosi ahalko dira partiden egunean bertan, 16:00etatik aurrera. Hilaren 17ko eta 19ko partidetarako sarrera bakoitza 35 euro (kantxa) edo 20 euro (errrebotea) kostako da.

Finalerako, berriz, 40 euro (kantxa) edo 20 euro (errebotea) ordaindu beharko dira.