"Arraun hitzordu garrantzitsua" izango da asteburuan, Zarautzen

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 9a, 16:35

Zarauzko VIII. Ikurriña eta Zarauzko XXXIX. Estropadak jokatuko dituzte larunbatean zein igandean. Astelehenean, berriz, VII. Zarauzko A.E. Ikurriña izango da.

"Arraun hitzordu berezia" izango da asteburuan Zarauzko uretan: Euskotren Ligako azken bi probak eta San Miguel Ligako 12. eta 13. estropada puntuagarriak jokatuko dituzte, Zarauzko VIII. Ikurriña eta Zarauzko XXXIX. Estropadak, hain zuzen. Abuztuaren 13an, larunbatean, 18:00etatik hasita, Zarauzko VIII. Ikurriña, Euskotren Ligako zazpigarren estropada puntuagarria izango da, eta ondoren, Zarauzko XXXIX. Estropadari emango diote hasiera San Miguel Ligako 12 klubek.

Estropada horren bigarren jardunaldia hurrengo egunean, hilaren 14ean izango da. 12:00etan lehiatuko dira emakumezkoak ligako irabazlea erabakitzeko, eta ondoren, gizonezkoen txanda izango da. Bi estropadak puntuagarriak izango dira Euskotren Liga eta San Miguel Ligako Sailkapen Nagusirako.

Gaur eguerdian egin dute estropaden aurkezpena, Talaiberri txakolindegian. Bertan izan dira TKEko ordezkariak, udalekoak zein Zarautz Arraun Elkartekoak, besteak beste, Xabi Zubiri TKEko komunikazio arduraduna, Xabier Txurruka alkatea, Ixidor Larrañaga Turismo zinegotzia eta Jon Artola ZAEko presidentea. Bertan eman dute estropaden nondik norakoen berri. Aurten hainbat berrikuntza izango dela jakinarazi dute. Batetik, estropada eremua apur bat mugituko dute itsas aldera: 150 metro iparraldera eta 100 metro mendebaldera, hain zuzen.

2014ko itsasaldien ondorioz, hondar barra bat sortu da Alle Punta inguruan, eta "segurtasuna zein kalitatezko ikuskizuna bermatzeko" erabaki dute aldaketa hori egitea. Artolak nabarmendu du estropadaren kalitatea bermatzeko "beharrezkoa" izan dela hori egitea, eta ziur dagoela guztia "ongi atera eta jardunaldiez gozatzeko aukera" izango dela. ZAE arduratuko da aurten ere eremua markatzeaz.

Aurrera begirakoari dagokionez, zehaztu du hondar barra hori desagertuz gero, lehengora itzultzeko aukera izango dela. "Nik uste dut apenas dagoela aldaketarik, eta horren froga dela duela lau urte egin zen Eusko Label estropada. Eremu bera dela ikusi zen".

Bestetik, estropaden gune ludikoa malekoian ezarriko dute aurten, Galtxagorri elkartearen inguruan. Iaz Munoan izan zen. Estropaden ondoren, Musika Plazan musika eta jai giroa izango direla gogoratu du Zarauzko alkateak. 

Txurrukaren arabera, "tradizio handiko estropada" da Zarauzkoa, zehazki, 39.a gizonezkoena eta 8.a emakumezkoena. Jakinarazi du udalak aurten "apustu sendoa" egin duela "estropadak gure herrian indartze aldera", eta horretarako, hiru urtetarako hitzarmena sinatu duela TKEkin. Herritarrak zein bisitariak asteburuan lehia bertatik bertara jarraitzera gonbidatu ditu, "ikuskizuna bermatuta egongo delako eta Ama Birjinaren jaiei hasiera ezin hobea" emango diolako ekitaldiak.

KAE ligako jardunaldiak, hilaren 15eanTKEko estropadez gain, KAE 1 ligako jardunaldiak  ere izango dira astelehenean, Ama Birjinaren egunean. Emakumezkoak zein gizonezkoak lehiatuko dira VII. Zarauzko A.E. Ikurriñean, 11:00etatik aurrera. "Etxe trainerua bertan izango da, gustura daude mutilak eta paper txukuna egiten ari dira", aurreratu du ZAEko presidenteak.