Amenabarrek Eskubaloiko Udako Torneoan hartuko du parte, larunbatean

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 17a, 13:00

Txapelketa triangularra izango da, Amenabar, Benidorm eta Bidasoaren artean.

Hainbat urtez ez da antolatu, eta aurten txapelketa berreskuratzea erabaki du Zumaiako Pulpo eskubaloi taldeak. Hala, larunbatean jokatuko da Udako Eskubaloi Torneoa, udalerri horretako Lubaki kiroldegian, 17:30etik aurrera. Aurten, txapelketa triangularra izango da, gainera: Amenabar, Bidasoa eta Benidormen artekoa.

Hiru partida izango dira: 17:30ean Bidasoa eta Amenabarren artean, 18:30ean Benidorm eta Bidasoaren artean eta azkenengoa, 19:30ean Amenabar eta Benidormen artean. Benidorm eta Bidasoaren arteko partida hasi aurretik bi talde horietako jokalari bana omenduko dituzte: Bidasoako Kauldi Odriozola eta Benidormeko Ander Torriko zumaiarrak, hain zuzen. Orain dela gutxi itzuli dira biak Europako txapelketa irabaztetik.

Sarrera 8 euro kostako da. Pulpoko bazkideek gaur 18:30etik 20:00etara Pulpok Lubakin duen bulegoan bina sarrera erosteko aukera izango dute. Bazkide ez direnek, berriz, sarrerak bihar 19:00etatik 20:00etara bulegoan eskuratzeko aukera izango dute.

Partidaren egunean, larunbatean, 16:30etik aurrera ere salduko dituzte sarrerak kiroldegian bertan.