Ainhoa Muruak kirolari eta giza baloreei egindako ekarpenagatik jasoko du Kirol Merezimenduaren Domina

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 27a, 13:54

Aho batez onartu dute triatletari domina ematea. Aurrerago egingo duten ekitaldi batean jasoko du.

Gaur eguerdian egin dute aparteko osoko bilkura, Ainhoa Muruari Kirol Merezimenduko domina ematea onartzeko. Udal talde guztiek aitortu dute Muruak egindako ekarpena, eta horrenbestez, aho batez onartu dute domina triatleta zarauztarrari ematea. "Kirolarekiko pasioa, eguneroko lana, konstantzia, pazientzia eta lehiakortasunaren alderdi onenaren adierazle izan da zarauztarra", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. 

"Ainhoa Muruak egin dituen kirol balentriekin mundu mailako kirolari handienen artean egotera eraman du, urte askotan zehar". Zarauztarraren kirol palmaresa "bakana" dela gaineratu du alkateak, "konstantzia erabatekotik lortutako emaitza ikusgarriak, garaipenak asko".

Baina, kirol merezimenduaz harago, triatleta zarauztarraren baloreak aitortu ditu: "Kirol merezimenduen maila gorenaren parekoa izan da zarauztarrak kirol baloreetan behin eta berriz munduari adierazi izan diona; ezin eredugarriagoa eguneroko jardunean edota olinpiar izpirituaren keinu gorenean; adibidez, bere azken kirol-jokabide hunkigarrian".

"Berdintasunean pauso izugarriak"

 Irabazi Zarautzeko Ana de Benitok eta PSE-EEko Gloria Vazquezek mezu bana helarazi diote Muruari. De Benitok zoriondu egin du, adieraziz ez dela "erraza gazteek kontuan har ditzaketen erreferente femeninoak aurkitzea". "Pasioa lan bihurtzen duzuen emakume kirolariak, ilusioa galdu gabe egunero borrokan ibiltzen zaretenak". Murua "etorkizuneko kirolarien eredua" dela nabarmendu du Irabazi Zarautzeko bozeramaileak, eta bere curriculumaz gain, "zoritxarraren aurrean duen jarrera" aitortu dio. "Gaitasun hori zure handitasunaren seinale da. Zarauztar guztiok harro gauzkazu".

"Zure lanak harrotasunez betetzen gaitu, bereziki, emakumeak", adierazi du Vazquezek, Berdintasuneko zinegotziak. "Emakume kirolarien esfortzua, bereziki, baliotsua da. Orain dela gutxi arte, kirol mundua gizonezkoena izan da batez ere, eta emakumeon parte hartzea oso eskasa izan da", jarraitu du. Oraindik ere ,hainbat arlotan parekidetasunik ez dagoela gogoratu du, baina, "Murua bezalako emakumeek egiten duten lan eta borondatearekin, berdintasunean pauso izugarriak" ematen ari direla.

"Izugarria da urte hauten lortu duzuna, kirolari aparta zarela erakutsiz. Jakin badakigu horren atzean dagoen esfortzua, lana eta, batez, ere gogoa. Borondate eta gogo irmoak behar-beharrezkoak dira kirolean aritzeko, zurea bezalako ibilbidea egiteko". Medailez gain, azken Olinpiar Jokoetan zarauztarrak izandako jarrera goraipatu du. "Nahiz eta mina izan, saiakera egin duzu azken unera arte, izugarrizko indarra duzula erakutsiz. Edonork ez zuen egingo zuk egin duzuna". Eskerrak eman dizkio "Zarautz mundu mailara giza kalitate horrekin eramateagatik".

Donima, beste ekitaldi batean

Zarauztarrentzat euren artean Murua bezalako goi mailako kirolari bat izatea harro sentitzekoa dela esan du EH BIlduko Xabier Vazquezek. "Kirolari profesionala izatea ez da erraza, baina are zailagoa da onenen artean egoteko lehiatzea. Arrakasta izatea burua tente eramatea da, guztia eman duzula jakitea da, garbi jokatzea da, egin beharreko guztia egitea da, nahiz eta beti ez irabazi".

"Askotan, kirol bikaintasuna gizonezkoekin lotzen dugula" gaineratu du, "baina hemen dugu Ainhoa, gizartea zerbaitetan behintzat aldatzen ari dela erakusten diguna". "Zarauzko kirola orokorrean, eta emakumezkoena batez ere, sendo hazten ari den zuhaitza da, baina ureztatzen eta zaintzen jarraitu behar da, bere fruituak eman ditzan. Hori da udala hoenk izan behar duen filosofia. Muruaren pausoak jarraituko duenik nahi badugu, ez dezagun utzi ureztatzeari".

Iban San Martin Kirol zinegotziak "zorionik beroenak" eman dizkio triatletari EAJren izenean. "Eta eskerrak, berekin bizi izan ditugun emozio guztiengatik". "Momentu hunkigarri asko igaro ditugu kirolari apart honi esker. Aurtengo Zarauzko Triatloia irabazi zuenekoa herrian guztiok bizi izan genuena, esaterako".

Kirol zinegotzi gisa, esan du "Zarauzko kirolak bildu nahi duen balore guztiak dituela Ainhoak, eredu ezin hobea herriko gazteenentzako". "Oso harro gaude, besteak beste, betidanik erakutsi duen indarragatik garaipenetan eta garaipenak egon ez direnean ere…eta Zarauzko izena munduan zehar hain balore onetan zabaldu duelako", nabarmendu du.

Aurrerago antolatuko dute ekitaldi batean emango dio Zarauzko Udalak Muruari Kirol Merezimenduaren domina.