Babyauto Zarautzek taldea indartu du denboraldi berriari aurre egiteko

Zarauzko Hitza 2016ko abu. 31a, 10:00
Phillip Huxford entrentzatzailea eta Zarautz Rugby Taldeko lehendakari Gaizka Zulaika (Zarautz Rugby Taldea).

Phil Huxfordek hartu du entrenatzaile ardura, eta Corey Simpson eta Joan Tudela fitxatu dituzte. Irailaren 17-18ko asteburuan ekingo diote ligari, Uribealdearen aurka lehiatuz.

Denboraldi berriari heltzeko prest dago Babyauto Zarautz errugbi taldea. Bi aste barru ekingo dio Ohorezko B mailako lehiari, eta «garbi» ditu aurtengo helburuak: aurreko bi denboraldietako emaitzak errepikatu eta lehen aldiz igoera faseko lehen erronda gainditu nahi du. «Erronka gogorra baina era berean motibatzailea» dela diote Zarautz Rugby Taldetik.

Aurreko denboraldian «halako pozak sorrarazi zituen taldeak» hainbat aldaketa izan dituela jakinarazi dute. Alde batetik, iaz Babyauto Zarautzeko jokalari izan zen Phil Huxfordek hartu du taldeko entrenatzaile ardura, Fran Puertas ordezkatuz. Bestetik, hainbat jokalarik taldea utzi dute: Lucas Panichelli, Iñigo Lasa eta Cristian Zapateriak ez dute jarraituko, eta lan kontuak medio, jokalariren batek edo bestek ere ezin izango du aurten lehen taldearekin jokatu. Horiek bigarren taldearekin ariko dira, Euskal Ligan.

Multzoa sendotze aldera, Corey Simpson zeelandaberritarra eta Joan Tudela valentziarra fitxatu dituzte. Simpsonek Zeelanda Berrian abiatu zuen bere kirol ibilbidea, eta 2009an Gipuzkoara iritsi zen Ordiziako Rugby Taldean jokatzeko; han aritu da pasa den denboraldira arte. Horrez gain, Zeelanda Berriko selekzioarekin eta Espainiako selekzioarekin ere jokatu du.

Tudela ere Ampo Ordizia taldetik dator. Han bost urte eman ditu, eta denbora horretan bi Errege Kopa irabazi ditu eta 6 Nazioen B mailako lehiaketan ere parte hartu du. Ampo Ordizia taldearekin ez du kontratua luzatu, eta ondorioz, Zarauzko taldearekin jokatuko du denboraldi berrian. Lehen lerroa indartzera etorri da, eta Simpsonekin eta Huxfordekin batera, Zarauzko taldeari «gorako beste bultzada bat» ematen saiatuko deta nabarmendu dute Zarautz Rugby Taldetik. Horiez gain, harrobiko lau gaztek ere goiko mailan jokatu dute aurten.


Asti «gotorleku»

«Babyautoko mutilek garbi dute Astiko zelaia euren gotorlekua dela, inork ez duela euren etxean garaipenik eskuratu, eta hori bermatzen jarraitu nahi dute», gaineratu dute taldetik.
Ohorezko B mailako A multzoan lehiatuko da Zarauzko taldea, ondorengo taldeekin batera: Uribealdea, Burgos, Eibar, Bera Bera, Blusens Vigo, El Salvador B, Durango, CRAT A Coruña, Campus Ourense, Oviedo eta Universitario Bilbao. Ligako lehen norgehiagoka  irailaren 17-18ko asteburuan jokatuko dute, Uribealdearen aurka, etxetik kanpo. Etxeko lehen partida  astebete geroago izango dute, irailaren 24-25eko asteburuan, Oviedoren aurka.